NAIZ
Bilbo

LABek eta ELAk Bizkaiko egoitzetan «zaintza hobetuko duten lan baldintza duinak» eskatu dituzte

Lakuako Gobernuak eta Bizkaiko Aldundiak egoitzetako gatazkan duten ardura salatu dute LABek eta ELAk, gaurko egunean deitutako greba banatan. %100eko gutxieneko zerbitzuak ere salatu dituzte.

Bizkaiko egoitzetan deitutako grebaren harira LABek egindako protesta. (LAB)
Bizkaiko egoitzetan deitutako grebaren harira LABek egindako protesta. (LAB)

LAB eta ELA sindikatuek greba eguna deitu zuten, gaurko, Bizkaiko egoitzen sektorean, «patronalaren negoziatzeko borondate ezaren eta Aldundiaren gelditasunaren aurrean».

Bilbon egin du elkarretaratzea LABek, Batzar Nagusien aurrean, «Aldundia zuzenean interpelatzeko». «Ardura eta erantzunkizuna bere gain hartzea exijitzen dugu». Ohar baten bidez adierazi duenez, «lan baldintzak sektore publikoko langileekin parekatzea», «adinekoen zaintza hobetuko dituzten lan baldintza duinak» eta ratio «justuak» eskatu dituzte.

«Diputazioa zuzenean interpelatzen dugu, bera delako lan gatazka honetan bitartekari lana eta irtenbideak bilatu behar dituena», adierazi dute.

Era berean, aplikatutako gutxieneko zerbitzu minimoak salatu dituzte, grebarako eskubidea urratu dutela adieraziz. «Eskubideak lapurtzen dizkigute, ikusezin bihurtzen gaituzte, ez gaituzte negoziazioan interlokutore gisa antzematen, eta orain grebarako eskubidea lapurtzen digute, %100eko gutxieneko zerbitzuak inposatuz. Gu %100 hori ematen ari gara gaur hemen, salatzen eta mobilizatzen, baldintza duin batzuengatik eta gure lan-baldintzak sektore publikoko langileekin parekatzeko».

ELAk ere salatu ditu %100eko gutxieneko zerbitzu horiek. «5.000 langileri greba eskubidea galarazten diote. Erabaki horrekin Jaurlaritzak Foru Aldundiaren eta patronalen alde egin du. Ez du nahi sistemaren gabeziak agerian geratzerik», adierazi du bizkaitar hiriburuan egindako protestan.

Bizkaiko Foru Jauregian egindako ekimenean Olentzero ere izan da eta Olentzerok gutunak banatu dizkie foru ordezkariei «erresidentzietako beharginek pairatzen duten prekaritatearen berri» emanez.

Lan hitzarmena «premiaz» berritu behar dela salatu dute eta eredu aldaketa «ezinbestekoa» dela. «Azken urte eta erdian izan diren 10 negoziazio bileretan patronala eta Aldundia ez dira mugitu. Euren eskaintza bakarra soldatak izoztea, lanaldi partzialei eustea eta langileak lehenengo egunetik ez ordezkatzea izan da».

ELAk «zaintza behar bezala egiteko premiazko kontuak negoziatzea eta adostea» eskatu du. Besteak beste, «profesionalak lehen egunetik ordezkatzea, lanaldi osoko kontratazioa, soldata eta lan baldintzak GUFErekin parekatzea, edota lanaldi partzialeko kontratu gehiagorik ez egitea».

Egoera ikusirik, ELAk iragarri du gaurkoa «lehen greba eguna» izango dela, eta datozen hiletan «beste hainbat» ere izan daitezkeela.