NAIZ

Zamudio da EAEn per capita BPG handiena duen udalerria, parke teknologikoaren eraginez

Eustatek egin duen ikerketa baten arabera, EAEko per capita Barne Produktu Gordina handien duen udalerri gehienetan industria sektorea eta industriari lotutako zerbitzuek garrantzia handia dute.

Zamudiok industria jarduera handia du. (Monika DEL VALLE/FOKU)
Zamudiok industria jarduera handia du. (Monika DEL VALLE/FOKU)

Zamudioko udalerriak jarraitzen zuen EAEn per capita barne produktu gordinik handiena duen udalerria izaten 2019an, Eustatek emandako datuen arabera. Hori hala da, funtsean, haren industria egitura eta industriari lotutako zerbitzuen pisu nabarmena (4.0 Industria deritzona) konbinatzen direlako.

Olaberria Gipuzkoan eta Ajangiz Bizkaian bigarren eta hirugarren postuetan daude, hurrenez hurren. Udalerri horiek industria izaera nabarmena dute, eta sektore horren pisua %75etik gorakoa da guztietan.

Atzera begira, aldaketa gutxi izan dira azken 20 urteotan. 2000. urtearekin alderatuta, 7 udalerrik per capitaBarne Produktu Gordina (BPG) handiena duten 10 udalerrien artean jarraitzen dute. Zamudiok lehen postuari eutsi dio 20 urte hauetan, 2005ean izan ezik; Olaberria 2000. urtean 4. postuan hasi zen, eta 2005ean lehenera igo, baina bigarren postuan dago ordutik gaurdaino. Ajangiz eta Loiu seigarren eta zazpigarren postuan zeuden 20 urte lehenago, eta hirugarrenean eta laugarrenean, 2019an. Lehenengo 10 postuetan Mallabia, Aduna eta Legutio ere ageri ziren. Aramaren kasua deigarria da, 2000. urtean 234. postuan baitzegoen, eta, 2016tik aurrera, per capita BPG handiena zuten 10 udalerrien taldean sartu zen. Berantevilla eta Zierbena dira zerrenda osatzen duten beste bi udalerriak.

Metala eta ardogintza, Araban

Berantevilla da –Añanako eskualdean– 2019an biztanleko BPG handiena duen Arabako udalerria (181.134 euro). Udalerri horretan, industria sektoreak bere jarduera ekonomiko osoaren %76,6 sortzen du, eta metalaren industriako jarduerak nabarmentzen dira, hala nola garraio materiala, metalurgia eta makineria eta ekipoa fabrikatzekoak.

Gorbeialdeko eskualdean, Legutio nabarmentzen da per capita BPG handiena duen eta industriren pisua ere %76tik gorakoa duen lurralde historikoko bigarren udalerri gisa, eta berriz ere metalaren industriaren adarrak dira –ingeniaritza mekanikoa eta metalurgia– jarduera handiena sortzen dutenak.

Bestalde, Arabako Errioxako eskualdean, bi udalerri daude lurralde historikoan per capita BPG handiena dutenen artean, baina, kasu horretan, haien ekoizpen egitura ez da aurreko udalerrien kasuan azaldutakoa bezalakoa. Hala, Guardia eta Eskuernaga udalerrien bereizgarria da industria sektorearen eta zerbitzu sektorearen arteko ekoizpen egitura orekatuagoa dutela, nahiz eta biak ardogintzarekin oso lotuta egon.

Industria eta zerbitzuak, Bizkaian

Zamudio da Bizkaiko per capita BPG handiena duen udalerria. Haren enpresa egitura handia industrian oinarritzen da (%42,3), eta garrantzi berezia dute garraio materialaren ekoizpenari lotutako enpresek; halaber, zerbitzuen sektorean ere (%53,4) oinarritzen da, batez ere industriari lotutako zerbitzu profesionalak eta teknikoak eskaintzen dituzten enpresen presentziaren ondorioz.

Bilbo Handiaren barruan, Loiu ere nabarmentzen da, aireportuko jarduerarekin zerikusia duten zerbitzuei esker, baita metalaren industriari esker ere, eta Zierbena, berriz, energiarekin lotutako industria jarduerari eta garraioarekin eta biltegiratzearekin lotutako zerbitzuei esker.

Ajangiz, Gernika-Bermeo eskualdeko udalerria, Bizkaian per capita BPG handiena duen bigarren udalerria da. Haren egitura ekonomikoak industria izaera argia du, %82,3ko pisua, plastikozko produktuen fabrikazioan oinarrituta.

Mallabia, Durangaldeko udalerria, bosgarren postuan dago Bizkaiko rankinean, eta industriaren pisu handia du (%76,8), batez ere ingeniaritza mekanikoko edo garraio materialeko jarduerengatik. Durangaldea Bizkaian per capita BPG handiena duen eskualdea da.

Gipuzkoan Goierri eta Debagoiena nabarmen

Olaberriak –Goierri– 305.677 euroko per capita BPG du, eta Gipuzkoan lehen postuan dago. Industriak udalerrian duen pisua %80tik gorakoa da, eta siderurgia eta makineria eta ekipoaren ekoizpena bezalako jarduerak nabarmentzen dira.

Goierrin, Arama ere nabarmentzen da, %70,0ko industria pisua baitu; batez ere makineria eta ekipoaren ekoizpenean oinarritzen da. Ormaiztegik ibilgailu motordunen fabrikazio handia du; industriak %89,2ko pisua du.

Aduna, Tolosaldean, hirugarren postuan agertzen da lurraldeko per capita BPGri dagokionez, industria ez metalikoa bezalako jarduerei esker. Tolosaldean ere Belauntza udalerria dago, eta Gipuzkoan per capita BPG handiena duen bosgarren udalerria da. Kasu horretan, posizio hori batez ere eraikuntza metalikoan oinarritutako industria egituraren ondorio da.

Bestalde, Debagoiena lurraldeko lehena da per capita BPGri dagokionez; industria eta zerbitzuen sektoreen arteko egitura orekatua du, %49,6ko eta %45,9ko pisuarekin, hurrenez hurren.