Aurreko astean txapelketako partida jokatzeari uko egin ostean, udan ere arazoak eman zizkion ezker eskua osatu eta ostiralean Urdulizen itzultzeko prest dagoela berretsi du gaur Jokin Altunak material aukeraketan. Atzo Tolosan Jokin Etxanizekin saio luze bat egin ostean mindutako esku horrek nola erantzuten zion ikusi nahi zuen egungo Buruz Buru eta Lau eta Erdiko txapeldunak eta dena normal joan denez, ostiralean berriz ere kantxetara itzultzeko erabakia hartu du amezketarrak.
«Udan ere leku berean izan nituen arazoak eta denbora askotxo eman nuen bueltaka. Lau eta Erdiko garaian dena ondo izan nuen eta azken partidan pilota bat sartu zitzaidan. Min puntu bakarra denean erraz libratzen duzu, baina bi lekuetan nuen mina eta hori konpontzeko zulo ikaragarria egin behar da takoekin. Ostiralean probatu nuen baina ezin nion golpea normal bota eta nik uste ondo egin nuela aurreko asteko partida ez jokatuta. Ingurua ondo garbitu didate eta espero hemendik aurrera arazorik ez izatea», azaldu du Altuna III.ak.
Joko bolada oso onean etorri zitzaion arazo hau, baina buruz jokatu duela uste du Aspeko aurrelariak. «Pena horrek eman zidan, ze oso ondo sentitu nintzen bai Eibarren eta bai Tolosan eta halako bolada bat moztutakoan erritmoa galtzen da edo beldur pixka batekin itzultzen zara, baina ikusiko ostiralean zer gertatzen den. Baina ez naiz etorriko kezkatuta edo pentsamendu arraroekin, %100ean etortzea espero dut eta dena ematen saiatu», gaineratu du.
Irabazi beharreko partida horietako
Eta ondo egotea beharrezkoa izango du, txapelketan euren etorkizuna baldintzatu dezakeen partida bati aurre egiteko. «Oso arriskutsu eta txispa bereziarekin» ikusten du bere mailarik onena berreskuratu duen Mikel Urrutikoetxea eta horrek oso arriskutsua egiten duen arren, partida oso garrantzitsua da ostiralekoa Altuna eta Martijarentzat, Zaratamokoak eta Arangurenek ere bina garaipen baitituzte. «Oraindik hasiera xamarrean gaude, baina aurkari zuzenen aurrean puntuak batzeari garrantzi berezia ematen diot. Gero jotzaile handiak diren bikote horien aurka punturen bat lortzen baduzu, askoz hobeto, baina nik argi daukat zeintzuk diren irabazi behar ditugun partidak eta hau da horietako bat», gaineratu du.