Etorkinekiko elkartasunez mobilizazioa antolatu dute larunbat honetarako Baionan La Cimade, Etorkinekin, Les Bascos eta Diakite elkarteek.
«Gure herria elkartasuna deitzen da!» leloa astinduz, beste behin ere Euskal Herria harrera herria dela agerian jartzeko karrikara ateratzeko deia egin dute elkarteek Migranteei Elkartasuna erakusteko Nazioarteko Egunaren kari.
Manifestazioa 15.00etan abiatuko da. Muga gainditu ondoren eta bidaia jarraitu aitzin Pausa izeneko zentroan atseden hartzen dute migrante anitzek Baionan.
Santespiritu auzoan kokatuta dagoen zentro horretatik Suprefeturaren egoitzaraino martxa eginen dute bihar herritarrek.
Frantziar Estatuan gaindi migranteen aldeko nazioarteko eguna markatzeko mobilizazio ugari antolatuko dituzte bihar.
Elkartasun taldeek izenpeturiko deialdi bateratuan irakurri ahal denez, «etortzen garen tokitik, joaten garen tokiraino, eta jaio garen tokiaz gain, gure herria Elkartasuna deitzen da!».
Deialdiarekin bat egin duten elkarteek migratzeko eskubidea errespetatzea eskatzen dute, beraien erranetan pertsona orok askatasun osoz mugitzeko eta beste lurralde batean bizitzeko aukera behar delako bermatu.
Mobilizazioan parte hartzeko deia zabalduz plazaratu duten agirian gaineratu dutenez, «gure herriak zubiak eraikitzen ditu, ez paretak eta mugak ere ez».
3 urteko kartzela zigorra ezarri diote migrante bati
Horri lotuta, hala nola Santiago zubitik gertu Hendaian zabalik den erretentzio zentro bezalako egituren itxiera galdetzen dute.
Askoz jota akats administratiboa egiteagatik –hau da, frantziar Estatuak galdetzen dituen nortasun agiriak ez ukaiteagatik– hilabete luzeak jotzen dituzte pertsona migranteek aipaturiko zentroetan.
Are, pandemiak kanporatze bidaiak trabatu dituenez, egonaldiak oraindik ere gehiago luzatu dira errefuxiatuentzat.
Horrek oso egoera zailak sortzen ditu atxikitzeko zentroetan. Maiz protestak eta iskanbilak badirela jakitera eman dute behin baino gehiagotan elkarteek.
Aste honean bertan hiru urteko kartzela zigorra ezarri dio Baionako auzitegiak bere oheari sua eman zion migratzaile bati.
Iragan irailaren 19an gertatu zen protesta horren ondorioz Hendaiako erretenzio zentroa hustu egin behar zuten. Suaren kontrako protokoloa ez zela behar bezala aplikatu eta segurtasun ezaren aurrean La Cimade elkarteak Hendaiako CRA delakoan bertan garatzen duen lana bertan behera utzi zuen.
«Denentzat eskubide berdinak eskatzen ditugu, etxebizitzarako, osasunarentzat, hezkuntzarentzat, lanarentzat eta baita irabazi duinak lortzeko ere. Paperik gabekoen egoeraren erregularizazioa eskatzen dugu», adierazi dute larunbateko mobilizazioarekin bat egin duten Euskal Herriko elkarteek.
Ildo horretatik, etorkinen eskubideen alde lan egiteko deia egin dute, «ikusgarriak bilakatzeko ikusgai ez direnak eta etorkinek bizitza duin bat lor dezaten».
64 urteko emazte hendaiarra atxilotu dute
Elkarteek aitortzen dutenez, Hexagonoko bertze hainbat tokitan, demagun Calaisen edo Italia ea Frantzia arteko mugan gertatu bezala, Euskal Herrian ere gero eta traba gehiago jartzen ditu Poliziak herritarrek migratzaileei laguntzeko ekimenen aurrean.
Joan zen astean Elkartasuna Larrun taldeak bi atxiloketen berri eman zuen. Era berean oharra egin zuen: diruaren truke jarduten duten taldeekin zer ikusi ez duten herritar bolondres lanean ari dira migranteei laguntza ematen muga aldera. Bi jarduerak ez nahastea eskatu zuten.
Bestalde, mugatik gertu bizi diren herritarrek gero eta presio gehiago jasotzen ari dira. Esaterako, emazte hendaiar batek atxiloketa pairatu behar izan zuela joan zen abenduaren 16an salatu berri du bere semeak ‘Mediabask’ astekarian.
Emazteak migrante talde bat ikusi zuen errepidean, tartean emakume bat zelarik. Hotza eta euriari aurre eginez, auto-stop egiten ari ziren.
Lau pertsona horiek hartu zituen bere autoan Baionako Pausuko zentrora eramako asmoz. Poliziak emaztea atxilotu zuen Biriatuko peajearen inguruan eta 17 orenez atxiki zuen komisaldegian.
«Frantziar Estatuan egoera irregularrean dauden pertsonak lagundu izatea» egotzi zioten emazteari. Izan ere bere semeak azaldu zuenez, «bihotz oneko persona bat delako lagundu zituen pertsona horiek, ez zituen muga zeharkatzen lagundu, ez zuen dirurik eskatu, ez zuen inolako deliturik egin, gizatasunez jokatu zuen, besterik gabe».
Pertsona horrek salatu duenez, muga inguruan bizi diren herritarrak «Poliziaz inguratuta gaude, presiopean gaituzte».
Biriatun mendi ibilbide bat egiten ari zela «terrorismoaren» aurkako Sentinelle dispositiboan jarduten duten militarrek bera ere geldiarazi zutela jakitera eman du.
«Erran zidaten Biriatuko peajetik gertuegi nintzela, ezin nuela paseo bat eman bertatik migrantendako pasabide bat delako, eta jakin zutenean han inguruan bizi naizela hamaika galdera egin zizkidaten: ea migranteak pasatzen diren, zer ordutan..», azaldu du. Azkenik militarrek alde egiten utzi zutenean, etxera sartu eta orduan jakin zuen ama atxilotu zutela.
«Ez dut ulertzen zergatik 64 urteko emazte bat gau oso batez atxiki behar duten komisaldegian, presioa jasangaiza bilakatzeko ez bada», salatu du.