NAIZ

Heriotzak eragiten dituen espetxe politika amaitu eta presoekin legea betetzera deitu du Sortuk

Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusiak euskal presoei aplikatzen zaien salbuespen espetxe politikak heriotza berri bat eragin duela nabarmendu du Antton Troitiñoren hil-kaperaren aurrean. Biktima guztiak «aitortzeko eta erreparatzeko garaia» dela esan du, «ez sufrimendu berriak eragitekoa».

Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusia, aurreko agerraldi batean. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Arkaitz Rodriguez Sortuko idazkari nagusia, aurreko agerraldi batean. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Sortuko delegazio bat Antton Troitiñoren hil-kaperan egon da gaur goizean. Kartzelaldi luzeenetako bat izan duen euskal herritarra ostiralean hil zen espetxean egonda diagnostikatu zioten gaixotasun larriaren ondorioz. Hil-kaperaren atarian, Sortuko beste ordezkari batzuekin bertaratu den Arkaitz Rodriguezek, gaurkoa ezker abertzalearentzat «dolu eguna» dela adierazi du.

Bakean eta elkarbizitzan aurrera egin nahi duen euskal gizartean, «gatazkaren biktima berri» bat dagoela nabarmendu du. Azpimarratu duenez, Antton Troitiñoren heriotza gaur egun indarrean dirauen espetxe politikaren ondorioa da.

«Gaur gatazkaren biktima berri bati negar egin beharrean gaude» adierazi du Sortuko idazkari nagusiak kaperaren aurrean. «ETAren biolentzia aspaldi desagertu zen baina espetxe kriminal honek sufrimendua eta heriotza eragiten jarraitzen du», eta baldintza horietan gizarte batek aurrera nekez egin dezakeela aipatu du.

Azken hamarkadetan hainbestetan aipatu den legea betetzearen beharra ere aipatu du, estatuei «behingoz legea bete» eta larriki gaixorik dauden presoak aske uzteaz batera salbuespen neurri guztiak ezaba ditzaten. «Gatazkaren biktima guztiak aitortu eta erreparatzeko garaia da ez sufrimendu eta biktima berriak eragitekoa», adierazi du.

Erantsi duenez, «espetxeak husteko garaia da, ez beteta mantendu eta betetzen segitzeko». Horrekin batera, nabarmendu du Sortuk «bakea eta elkarbizitzarako» duen konpromisoa «atzo baino trinkoagoa» dela.