NAIZ

Hegazti gripearen kasua Akamarren azaldu ondoren, hainbat herri kontrolgunean

Pirinio Atlantikoetako Prefeturak hamasei herri kontrolgune gisa izendatu ditu hegazti gripea dela eta. Kasu susmagarri bat baieztatu da Akamarren. Nafarroa Behereko herrian dagoeneko «prebentzio gisara» 1.800 ahate sakrifikatu dituzte.

2017an izan zen hegazti gripe agerraldi larriaren garaian ELB sindikatuak antolaturiko mobilizazio bat. (Isabelle MIQUELESTORENA)
2017an izan zen hegazti gripe agerraldi larriaren garaian ELB sindikatuak antolaturiko mobilizazio bat. (Isabelle MIQUELESTORENA)

Berriz ere hegazti gripeak arazoak sortu dizkie euskal hazleei. Pirinio-Atlantikoetako hamasei herri kontrolgune gisa izendatu ditu, gaitza dela eta.

Abenduaren 17an plazaraturiko agiriaren bidez jakinarazi du bere erabakia Estatu ordezkaritzak.

Zaintzapean ezarri duen lehen zonaldea Akamarre inguruan kokatzen da. Nafarroa Behereko herrian kokatzen den etxalde batean azaldu da hegazti gripearen lehen kasu susmagarria.

H5 birusarekiko positibo eman zuen etxaldean eginiko azterketak. Ikusteke dago H5N1 den, hots, hegazti gripeari dagokion birusa baieztatzen den.

Edonola ere, analisien emaitzari zain gelditu gabe, 1.800 ahate akabatu zituzten aipaturiko haztegian joan zen asteburuan. Bigarren etxalde bat departamenduko albaritaritza zerbitzuen begiradapean dago.

Beste kontrolgunea Biarno aldera kokatzen da batez ere, Auterrive, Carresse-Cassaber eta Saint-Dos herrien inguruan. Eremuan kokatzen dira, ordea, Baxe Nafarroako Oragarre eta Burgue-Erreiti herriak.

Akamarreko kasuaren gainean analisi guztiak amaitu bitartean, izendatutako kontrolguneetan neurri zorrotzak errespetatu  beharko dituzte hazleek.

Hegaztiak ezin dira kanpora atera. Horrez gain, albaitariek azterketa epidemiologikoak egin ahal  etxaldeetan.

Hegazti gripearen kasua baieztatzen denean, hegaztiak hiltzeko agindua eman dezake Prefekturak.

Hazleen kritikak

Hegazti gripeari aurre egiteko aplikatzen den protokolo orokorra ez zu ontzat hartzen ELB sindikatuak.

Gaitzari aurre egiteko hartzen diren neurriek eskal etxaldeengan dituzten eraginak behin eta berriz salatu ditu laborarien sindikatuak.

Hain zuzen, iragan azaroaren 16an 250 hazle mobilizatu ziren Pauen. Animaliak dauden bezala, DDPP egituraren egoitza sinbolikoki «konfinatu» zuten hazleek.

Mobilizazio horren bidez Herbehereetako eta Poloniako hazkuntza industrial batzuetan hegazti gripea atzeman ondoren, frantses Nekazaritza Ministerioak azaroaren 5ean hegazti guztiak leku hetsietan atxikitzeko eman zuen aginda salatu zuten hazleek.