NAIZ

Gabonetako presoen aldeko mobilizazioa deitu du Sarek Iruñean hilaren 31rako

Preso guztiak Euskal Herrira hurbltzea eta gradu progresioa aplikatzea dira Sarek Iruñean abenduaren 31rako deitu duen mobilizazioaren aldarrikapen nagusiak. ‘Urte berrian? Etxerako bidea’ izango da manifestazio honen mezua.

Iragan urtarrilean Sarek Iruñean presoen alde antolatu zuen mobilizazioaren irudia. (Iñigo URIZ/FOKU)
Iragan urtarrilean Sarek Iruñean presoen alde antolatu zuen mobilizazioaren irudia. (Iñigo URIZ/FOKU)

Urtarrilaren 8an Bilbon urtero bezala antolatu duen manifestaziorako bidea eginez, mobilizazioa deitu du Iruñean abenduaren 31rako Sarek (12.30ean Baratxurien plazan).

Sarek azaldu duenez, mobilizazio honek mezu argia dauka: ’Urte berrian? Etxerako bidea’. «Zer eskatzen diogu urte berriari? Ba, euskal preso guztiak Euskal Herrira hurbiltzeko eta gradu progresioa aplikatzeko aldarrikapena, hori baita preso oro bizitza sozialean berriro integratzeko funtsezko oinarria», azaldu du Sarek ohar batean.

«Izan ere, nahiz eta behin eta berriz ontzat jo dugun espetxe politikari dagokionez ematen ari den aldaketa, oraindik zutik dirau urruntze politikak, Euskal Herrian soilik 196tik 77 preso daudelarik. Gradu progresioari dagokionez, nahiz eta, praktikan, preso guztiak bigarren graduan egon (lehen graduan urteak eman ondoren), bederatzi bakarrik aurreratu dituzte hirugarren gradura», gaineratu du Sarek.

«Ez dugu ahaztu nahi, gainera, ezarritako gradu progresio horretan atzeraeraginezko egoera bizitzen ari garela une honetan; izan ere, Auzitegi Nazionalak atzera bota ditu Espetxeetako Tratamendu junten erabakiak, eta horrek esan nahi du irteteko baimena edo baldintzapeko askatasuna duten pertsoank berriro espetxeratuak izatera behartuak daudela bigarren gradura igaroz. Espetxe politikaren aldaketan atzera urrats argia da hau, eta agerian uzten du oraindik ere, sektore batzuek ez dutela aurrera egin nahi, eta erosoago sentitzen direla iraganeko konfrontazio egoeran», salatu du Sarek.

Gauzak horrela, Gabonetan mobilizatzeko beharra nabarmendu du Sarek eta urtarrilaren 8ko Bilboko deialdia ere gogoratu du. «Ezin da gehiago atzeratu. Euskal preso guztien hurbilketa berehala burutu behar da, beste atzerapenik gabe», gaineratu du.