NAIZ

Chivitek Urkulluri deitu dio, neurriak adosteko

Gobernu espainolak aire zabalean maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango dela iragarri ondotik, Maria Chivite Nafarroako lehendakariak Iñigo Urkulluri deitu eta pandemiaren seigarren olatuari aurre egiteko neurriak adostea proposatu dio. 

Iñigo Urkullu, gaur goizean Gasteizko Parlamentuan sartu aurretik. (Raul BOGAJO/FOKU)
Iñigo Urkullu, gaur goizean Gasteizko Parlamentuan sartu aurretik. (Raul BOGAJO/FOKU)

Estatuko autonomia erkidegoetako presidenteek Pedro Sanchezekin egin zuten bilera telematikoaren biharamunean, Maria Chivite Nafarroako lehendakariak Iñigo Urkulluri deitu dio gaur goizean eta pandemiari aurre egiteko neurri bateratuak adostea proposatu dio. Lakuako Lehendakaritzako iturriek baieztatu dutenez, Ajuria Eneko maizterrak «ustekabean» hartu du deia eta halaxe helarazi dio Chiviteri, izan ere, atzoko konferentzian ez Nafarroak ez gainerako presidenteek ez baitzuten inolako neurririk hartzea eskatu eta ez zuten iritzirik eman Lakuak mahai gainean jarri zituen murrizketen inguruan.

Nolanahi ere, iturri horien arabera Urkulluk elkarrizketarako prestutasuna agertu dio Chiviteri eta EAEko zein Nafarroako Osasun sailburuak harremanetan jarriko direla esan dio, gaia aztertzeko. Nafarroarekin ez ezik, Kantabria, Gaztela Leon eta Errioxarekin ere kontaktuan jarriko direla iragarri du Lakuak.

«Oraingoz» neurririk ez

Atzoko bileraren ondoren, EAEko Gobernuak iragarri zuen «oraingoz» ez dituela neurri gehiago hartuko pandemiaren hazkundeari aurre egiteko. Iñigo Urkullu lehendakariak erabaki hori berretsi du gaur Gasteizen, Parlamentura iritsi denean egin dituen adierazpenetan. Urkullu kexu agertu da bileran ez zelako murrizketa berririk adostu koronabirusaren hazkundeari aurre egiteko, baina gutxienez espainiar Gobernuko presidenteak aire librean maskara derrigorrez erabiltzeko hautua egin duela ontzat eman du.

Nolanahi ere, Lakuako gobernuburuak esan du egoerak okerrera egiten badu murrizketa proposamenak egiten jarraituko duela eta ez duela baztertzen etorkizunean atzoko bilerara eraman zituen neurriak ezartzea. Eskuduntza izanik berak proposatutako murrizketa horiek ez ezartzea zergatik erabaki duen galdetuta, Urkulluk erantzun du ezin direla «aforoak eta ordutegiak murriztu inguruko erkidegoek ez badituzte neurri horiek berak ezartzen. Kontua ez da eskuduntza propioak izatea, baizik eta zentzuz jokatzea».

Bere esanetan, nahiz eta estatu mailan akordiorik ez den lortu, «euskal gizarteak badaki» ardura «indibidual eta kolektiboz» jokatu behar dela eta kontziente da indarrean dauden prebentzio neurri eta osasun adituen gomendioei jarraituz gero «hobeto» aurre egin ahal izango zaiola pandemiari.

Nafarroan, covid ziurtagiria hedatu

Nafarroari dagokionez, Maria Chivite lehendakariak berak atzo aurreratu zuen covid ziurtagiria beste esparru batzuetara hedatzeko asmoa. Santos Indurain Osasun sailburuak gaur zehaztu duenez, datorren astetik aurrera kiroldegi, gimnasio, ostalaritza eta zaharren egoitzetara zabalduko dute. Horretarako, Gobernuak foru agindu bat onartuko du.

Onartu du egoera «kezkagarria» dela herrialdean, intzidentzia metatua eta positibitatea «inoiz baino altuagoa» dela eta horrek bereziki eragina duela Lehen Arretan, bere alderdi guztietan: testak, arakatzeak, arreta eta pazienteen jarraipena.

Egun detektatzen diren positiboen erdia omikron aldaerarenak direla ere azaldu du.

Pandemiari aurre egiteko «tresnarik onena txertaketa» dela defendatu du eta hori gabe «ospitaleetako okupazioa eta hilkortasuna askoz handiagoak» izango liratekeela ohartarazi.

Atzoko konferentziari dagokionez, esan du erkidego bakoitzaren errealitatea desberdina dela eta horregatik Nafarroako Gobernua «aukera eta eszenatoki desberdinak» aztertzen ari dela, ez duela baztertzen neurri gehiago hartzea eta inguruko erkidegoekin harremanetan dagoela, «intzidentzia eta transmisio oso altua dugulako».