NAIZ

Chef bizkaitarrek sortutako 50 errezeta batzen dituen liburu solidarioa argitaratu dute

Mercabilbaok ‘50 años, 50 recetas’ errezeta liburu solidarioa argitaratu du. Bertan agertzen diren errezetak Bizkaiko sukaldariek sortutakoak dira eta argitalpenaren irabaziak Elikagaien Bankuari emango dizkiete.

‘50 años, 50 recetas’ liburuaren aurkezpen ekitaldia.
‘50 años, 50 recetas’ liburuaren aurkezpen ekitaldia. (vía twitter @mercabilbao)

Mercabilbaok ‘50 años, 50 recetas’ sukaldaritza liburua aurkeztu du astearte honetan Bilboko Erriberako merkatuan. Liburua sukaldari bizkaitarren 50 proposamen gastronomikoren bilduma bat da. Hori horrela, plater nagusiak, arrain, itsaski eta postre errezetak barnebiltzen ditu. Liburuaren izaera solidarioa izango da. Izan ere, salmentarekin lortutako irabazi guztiak Bizkaiko Elikagaien Bankuari emango zaizkio dohaintzan.

Liburuaren aurkezpen ekitaldian erakunde publikoetako hainbat ordezkari izan dira. Tartean, Xabier Ochandiano, Bilboko Udaleko Garapen Ekonomiko, Merkataritza eta Enplegu zinegotzia; Yolanda Diez, Osasun eta Kontsumo zinegotzia; eta Mercabilbaoko zuzendari nagusia den Aitor Argote. Horretaz gain, Bizkaiko Elikagai Bankuko presidentea, Miguel Angel Fernandino, eta liburuaren sorkuntza prozesuan parte hartu duten sukaldariak izan dira.

Liburuaren bultzatzaileek azaldu dute argitalpena Mercabilbaoren «izaera solidarioaren beste adibide bat» dela. Izan ere, lortutako irabaziak Bizkaiko Elikagai Bankuari emango zaizkio eta arduradunek azpimarratu dute Mercabilbao eta Elikagaien Bankuaren arteko harremana duela 25 urte hasi zela eta «egunero» dabiltzala elkarlanean.

Liburua Mercabilbaoren 50. urteurrenaren karira argitaratu da eta 5 euroko prezioa izango du. Hori horrela, errezeta bilduma Bilbao Denda eta Bizkaidendara atxikitako saltoki zein establezimenduetan eskuratu ahalko da. ‘50 años, 50 recetas’ liburuaren bidez, Mercabilbaok «sukaldera pauso bat ematera eta beraien sukaldaritzako gaitasunak probatzera» bultzatu nahi izan ditu herritarrak.