Momotxorro, negazionista, zatzaizkit... 2021a laburtzeko 18 hitz UZEIren eskutik

UZEIk 2021ean zeresana eman duten 18 hitz edo esamolde hautatu ditu, urtero egin ohi duenez, umore puntu batekin. Pandemia, hornigaien urritasuna, berdintasuna edota argindarraren krisia izan dira urteko gai nagusietako batzuk.

Jacob Chansley, «Momotxorroz» jantzita, 2021eko urtarrilaren Kapitolioari egindako erasoan. (Saul LOEB/AFP)
Jacob Chansley, «Momotxorroz» jantzita, 2021eko urtarrilaren Kapitolioari egindako erasoan. (Saul LOEB/AFP)

UZEIren arabera, hautatutako hitzek erakusten dutenez, albisteek arrasto nabarmena uzten dute eguneroko hizkeran, baina, zenbaitetan, «mundu mailako gertaerei ere euskal kulturatik beste modu batera ere begiratzen diegula erakusten dute».

Pandemia hizketagai nagusi izan den arren, UZEIk hautatuko hitz sortan bestelako gaiak ere nabarmendu dira, esate baterako, Suezko kanala blokeatu zuen kontainer ontziak eta Brexitak eragin duten hornigaien urritasuna, aurten onartu diren legeetan jaso direnak (adibidez, genero autodeterminazioa), edo itzalaldi elektriko handi bat gertatzeko aukera.

Urtean zehar jaso diren hurrenkera berean jaso dira hitzak; alegia, kronologikoki antolatuta zerrendatu dira, urteko zein hilabetetan jaso diren zehaztuz.

«Urtarrilean AEBko Kapitolioan indarrez sartu ziren Trumpen jarraitzaileekin hasi genuen urtea. Haietako bat, ospetsuen egin zena, adar eta guzti apainduta zegoen. Bada, hari Altsasuko momotxorroen antza hartu zion zenbaitek, eta, noski, albistearen harira, barra-barra ibili zen momotxorro hitza sare sozialetan», nabarmendu du UZEIk.

Kapitolioan bakarrik ez, naturan ere gauza bitxiak ikusten dira! Hori pentsatuko zuten, UZEIren iritziz, urtarrileko azken egunetan Donostiako Ondarreta hondartzan marmoka edo plastiko itxurako zerbait aurkitu zutenek. Zer izango, eta salpak! Aquariumeko adituek azaldu zutenez, marmokekin zerikusirik ez duen animalia bitxiak dira, nahiz eta gardenak eta likatsuak izan. Salpa izan da, beraz, hautatuko bigarren hitza.

Aurten bolo-bolo zabaldu diren bideo faltsu horiek ere gogoratu ditu UZEIk: deepfake edo faltsutze sakona erabiltzen duten horietakoa. Euska Herrian, besteak beste, Txirrita eta Elbira Zipitria «berpizteko» balio izan du teknologia horrek.

Jakina, irudiak manipulatuz sortutako albiste faltsuak gogora ekartzen hasita, ezin aipatu gabe utzi martxoan sare sozialetan hainbeste zabaldu zen «txortaketa masibo» hura. EiTBk berak oharra atera behar izan zuen gezurra agerian utzi, eta ‘Ahoz Aho’ saioan txortaketa hitza erabili zutela ukatzeko.

Baina hitz «serioagoak» hautatu ditu ere UZEIk. Estatu frantseseko Asanblea Nazionalak onartutako Molac Legeaari erreparatu dio; hau da, Eskualdeko Hizkuntzen Ondarea Babesteari eta Sustatzeari buruzko legeari. Paul Molac politikari bretoiaren izena hartu zuen legeak.

«Ez dakigu euskara edo bretoiera asko axola zaien helegitea aurkeztu zuten diputatuei, baina gogoan dugu apirileko azkenaldian nolako zeresana eman zuen sare sozialetan Iruñeko Udalak ‘zu zatzaizkit axola’ lelopean sanferminak aurten ere ezingo zirela ospatu iragartzeko prestatu zuen bideoak», azaldu du UZEIk.

Emakumeari ahalik eta min handiena eragiteko seme-alaben aurka erabiltzen den indarkeria da indarkeria bikarioa, eta hitz hori ere sartu du UZEIk zerrendan. Berdintasuna babesteko legeekin jarraituz, aurten genero autodeterminazioa kontzeptua ere hautatu du. Izan ere, horixe izan zuten eztabaidagai nagusia hilabete luzez Gobernu espainoleko kide diren alderdiek Trans legearen harira.

Uda giroarekin batera, Euskaltzaindiaren Hiztegiaren azken eguneraketa iritsi zen. «Harrezkero bisigua parrillan erretzen dugu euskaldunok, eta ez parrilan. Tira, bisigua edo, beganoa izanez gero, barazkiak, ohiturak ere aldatu egiten baitira», aipatu du UZEIk.

Txinako espazio estazioan hiru hilabetez egon ondoren, Lurrera itzuli ziren aurten hiru astronauta, eta albiste horren harira ikasi genuen txinatarrek ‘astronauta’ adierazteko taikonauta hitza erabiltzen dutela.

Eta gauzak ukatzeaz ari garen honetan, ukatzaileak nonahi izan ditugu aurten. Felix Zubia mediku eta bertsozaleak abuztuan bertsotan erantzun zion Xabier Silveira bertsolariari, Silveirak «txakurra» deitu ziola eta. Negazionista batzuek ere ospitaleratu behar izan dutela kantatu zuen Zubiak, eta arnasa falta zaienean ederki umiltzen direla. Horregatik hautatu du UZEIk ‘negazionista’ hitza.

«Hurrengo hau ez dugu beharbada hainbeste erabili. Izan ere, zuk badakizu zer den apaepeka? Ez da hitz berria, inondik ere, baina ‘euskaldun batzuek baliatu izan duten sekretuzko hizkera’ hori albiste izan da aurten. Horrela jakin genuen irailean, Iker Baionako hizkuntzalaritza-zentroan apaepeka aztertu nahi dutela, eta deia zabaldu dutela oraindik erabiltzen duten euskaldunak grabatzeko. Agian hizkera hori biziberritzeko ere balioko du ekimenak. Nork jakin», gaineratu du UZEIk.

Inolako zalantzarik gabe, aurten biziberritu dena Kanarietako Cumbre Vieja sumendia izan da. Irailean hasitako erupzioaren albisteekin, bolkanismoei buruzko termino ugari ikasi edo freskatu ditugu. Beste askoren artean, UZEIk honako hau aukeratu du: laba-kolada.

Zuckerbergek zer eta euskarazko izena jarri omen dio Facebooki, eta aurrerantzean ‘Meta’ deituko da. Hori izan da zerrendan sartutako hitza. Baita ‘urritasuna’ ere, 2021ean sortutako hornikuntza arazoak direla eta.

Ekozidioa juridikoki definitzen dabil azkenaldian nazioarteko legelari talde bat, Nazioarteko Zigor Auzitegiak delitutzat har dezan. Beraz ‘ekozidio’ hitza zerrendan egon behar zen halabeharrez.

Eta, urteko errepaso honetan, nola ahaztu argindarraren prezioarekin bizi izan ditugun gorabeherak! Austriako Defentsa ministroak azaroan zer esango, eta Europan itzalaldi elektriko handi bat gerta daitekeela.

Aurten, gainera, lehen aldiz, urteko hitza aukeratu dute elkarlanean UZEIk eta Euskaltzaindiak: aldaera, lehendik ere arautua egonik, erabilerak berritu duen hitza, hain zuzen ere.

2014tik

UZEIk zehaztu duenez, hautapenak ez du zorrotza edo exhaustiboa izateko asmorik. Urtean zehar ikusitako eta entzundako hainbat albiste eta gertakari oroitzen laguntzea eta, gehienez ere, lexikoak eguneroko jardunean duen garrantzia gogora ekartzea du helburu bakarra.

2014. urtean plazaratu zuen UZEIk lehen aldiz horrelako hitz sorta bat. Hautatzen diren hitzek ez dute zertan hitz berriak izan, baina erabileragatik edo sare sozialetan izan duten harreragatik aipagarrienak jasotzen saiatzen da UZEIko hizkuntzalari taldea.