NAIZ

Pandemiaren kudeaketa «eskasa, berantiarra eta noraezekoa» dela uste du EH Bilduk

Azken orduetan Nafarroako Gobernuak eta Lakuak birusaren hedapena saihesteko hartutako neurriak kritikatu ditu EH Bilduk, murrizketetan soilik oinarritzen direlako. Koalizio subiranistak lehen arretako baliabideak indartzeko exijitu die Urkullu eta Chiviteri.

Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusia. (Gorka RUBIO / FOKU)
Arnaldo Otegi EH Bilduren koordinatzaile nagusia. (Gorka RUBIO / FOKU)

EH Bilduk Lakuak eta Nafarroako Gobernuak birusaren «hedapena saihesteko» hartutako azken neurriak kritikatu eta pandemiarenm kudeaketa «berantiarra» eta «noeraezekoa» salatu du.

«Neurri horiek –azpimarratu du EH Bilduk asteazken honetan zabaldutako ohar batean– murrizketetan soilik oinarritzen dira, eta ez dute mahai gainean jartzen, beste behin ere, laguntza neurririk, eta babesik gabe uzten dituzte sektore kaltetuenak».

«Berriz ere -gehitu du-, herritarren esku uzten da pandemiaren kudeaketa, eta administrazioa ardura guztia gainetik kentzen saiatzen da». «Onartutako neurriak ez dira eraginkorrak, eta ez daude komunitate zientifikoak eskatzen duen norabidean eta bizi dugun egoerak eskatzen duen mailan», azpimarratu du alderdi subiranistak.

Bere ustez, Iñigo Urkullu eta Maria Chivite lehendakariek hartutako erabakiak «birusa erabat goia jota dagoenean eta intzidentzia-tasa oso altuekin» hartu dira, eta, beraz, «berandu datoz», duela egun batzuetatik «puntu honetara iritsi beharko genukeela» jakina zenean.

EH Bilduren arabera, «gabonetako kanpaina neurri murriztailerik hartu gabe igarotzeko borondate argia egon da, eta neurri kosmetiko eta ez eraginkorrekin herritarrak despistatzen aritu dira, hala nola covid pasaportea eta kalean maskararen erabilera derrigortzea».

«Emaitzak direnak dira, ez baitute Gabonetako kanpaina neurri murriztailerik gabe gainditzea lortu, eta birusaren hedapena gero eta handiagoa da», adierazi du koalizioak. Halaber, ohartarazi duenez, «Osakidetzako eta Osasunbideako lehen arreta zerbitzuak kolapsatuta eta kaos egoeran daude».

Hori dela eta, EH Bilduk bi agintariak premiatu ditu lehen arretako «baliabideak indartzeko eta txertatzeko neurriak har ditzaten». «Aurrekontuen azken negoziazioetan EH Bilduk gobernu horiekin adostu zuen lehen mailako arretarako partidak handitzea. Berehala egiteko eskatzen diegu», gaineratu du.

Era berean, «txertaketa osasun-zentroetatik ateratzeko, aztarnari ekipoak indartzeko, areagotzeko eta denboran mantentzeko, aztarnarien lanerako protokoloak eta prozedurak aldatzeko, espazio itxietan airearen kalitatea mantentzeko iragazkiak instalatzeko eta autodiagnostikorako eta autoerregulaziorako tresnak herritarren eskura jartzeko» eskaerak berretsi ditu koalizioak.