Arnaitz Gorriti

Urtarrilaren 4an Mendizorrotzan jasoko du Madelen Urietak entrenatzaile onenaren saria

Kutxabank Araskik Valentzia Basketen aurka jokatu beharreko partida hasi aurretik emango diote saria entrenatzaile gasteiztarrari. Manu Moreno, Saski Baskoniako entrenatzaile ohia eta AEEBko zuzendatitza taldekoak, eta Araskiko presidente Iratxe Rodriguezek emango diote. 

Madelen Urieta Mendizorrotzan prentsaurreko batean.
Madelen Urieta Mendizorrotzan prentsaurreko batean. (Jaizki FONTANEDA / FOKU)

Madelen Urietak pasa den irailean jakin zuen Espainiako Saskibaloi Entrenatzaileen Elkarteak –AEEB deritzonak– entrenatzaile onenaren «Antonio Diaz Miguel» saria laugarren bider irabazi zuela. Alabaina, urtarrilaren 4an jasoko du aipatu garaikurra, Kutxabank Araskik Valentzia Basketen aurka Emakumeen Endesa Ligako aurreneko itzuliko azkenengo jardunaldiko partida hasieran, 19.30etan.

Manu Moreno, Saski Baskoniako entrenatzaile ohia eta AEEBko zuzendaritza taldekoak, eta Araskiko presidente Iratxe Rodriguezek emango diote saria entrenatzaile gasteiztarrari.

«Beti dira ongietorriak halako sariak, batez ere lankideen eskurtik iristen direnean. Era berean, nirekin lan egiten duten horiekin partekatu nahiko nuke sari hau lan hau jende askoren artean burutzen baita», adierazi zuen Urietan berak sari hau bereganatuko zuela jakitun izan zenean.

ELigako oilarretako bat izango du aurkari talde gasteiztarrak, baina ezin ditu pasatzen utzi aurreneko itzulia zortzi onenen artean amaitu eta Kopan sartzeko dituen aukera apurrak. Uneotan 6-7 balantzearekin, gasteiztarrak Top 8 hortatik kanpo leudeke, baina hilaren 18an Baxi Ferrolen aurka jokatzeke geratu zitzaion neurketa falta zaio oraindik, urtarrilaren 4koaz gain.

Madelen Urietarenek bolada oso txarra atzean laga zuten Lugoko Ensinoren kantxan eta hala, behingoan seigarren garaipena lortuta, berriz ere zortzi onenen artean sailkatzeko parada izango dute. Hasteko, Valentzia Basketen aurka eta bestetik, urtarrilaren 11an 18.00etan Baxi Ferrol taldearen aurka Mendizorrotzan jokatu beharreko neurketarekin.

Euskaldunen partidak

Urtarrilaren 4an partida mordo bat jokatuko dira, eta euskal ordezkarien artean Kutxabank Araski ez da bakarra izango.

Hala, IDK Euskotrenek Teneriferen kantxan jokatuko du, 18.30etan, Euskal Herrian 19.30ak direnean. Nahiz eta Kanariar Irletako klubak talde txukuna duen teorian, aurtengo denboraldia batekoz bestera ari zaio ateratzen eta hargatik, Emakumeen Endesa Ligako azken postuan dago uneotan, 3-11ko balantzeaz.

Donostiarrek, berriz, zazpi garaipen pilatu dituzte dagoeneko eta teorian garaipena lortuz gero nahikoa izan beharko litzateke zortzi onenen artean aurreneko itzulia amaitzeko.

Lointek Gernika Bizkaiari dagokionez, urtarrilaren 4an Turkian jokatuko du. Çukurova taldearen aurka Emakumeen Eurocupeko kanporaketako itzuliko neurketa jokatu behar dute Mario Lopezenek. Joanekoan 83-59 nagusitu ziren baizkaitarrak, baia harrezkero jokatu ezinda dabiltza, covid-19ak erasanda.