NAIZ

Autoen salmentak %18,3 egin zuen behera 2021ean EAEn

EAEko turismoen eta lur orotako ibilgailuen salmentak behera egin du 2021 hirugarren urtez jarraian. Matrikulazioak %18,3 jaitsi ziren eta 24.716 salmenta erregistratu ziren, hau da, 2020an baino 5.545 gutxiago.

Mercedesen planta Gasteizen. (Raúl BOGAJO/FOKU)
Mercedesen planta Gasteizen. (Raúl BOGAJO/FOKU)

Anfac fabrikatzaileen eta Faconauto eta Ganvam banatzaileen elkarteek emandako datuen arabera, 202aa hirugarren urtea izan zen EAEko autoen salmentek behera egin zutena. 2019an %4,6 jaitsi zen, 2020an %23,4a eta 2021ean %18,3.

Zifra horiek ez datoz bat Estatuko datuekin; izan ere, iaz matrikulazioak %1 igo ziren 2020arekin konparatuz, baina 2019koak baino %32 txikiagoak izan ziren.

EAEn, joan den urtean jaitsi egin ziren bai gasolinazko ibilgailuen matrikulazioak (%-29,4 eta 11.639 salmenta guztira), bai dieselezkoak (%-40 eta 3.916 salmenta).

Hala ere, ibilgailu elektrikoen, hibridoen eta hidrogenoa eta gasa bezalako beste erregai batzuk erabiltzen dituztenen autoen salmentak nabarmen igo ziren; 9.161 saldu ziren, hau da, 2020an baino %26,3 gehiago.

Anfacek, Faconautok eta Ganvamek abenduari buruzko datuak ere eman dituzte. EAEn hilabete txarra izan zen, %30,7ko atzerakadarekin itxi baitzen, 2.412 ibilgailu baino ez baitziren saldu.

Elias Iglesias Ancoveko presidenteak «kezka handia» agertu du «merkatuaren ahultasunagatik».

Gainera, ohartarazi du covid-19aren omikron aldaera «ziurgabetasun handia» sortzen ari dela erosleengan. Urtean zehar jarraituko duen erdieroaleen krisiak eta matrikulazio zergaren igoerak eragindako garestitzea ziurgabetasuna sortzen dutela nabarmendu du ere bai.

Horregatik, Pedro Sanchezen Gobernuari eskatu dio erosketak bultzatzeko neurrik har ditzala. Iglesiasen ustez, horrek parke mugikorraren antzinatasuna iraultzen, emisioak murrizten eta bide-segurtasuna hobetzen lagunduko luke.