Estatu frantsesean erbesteratuta dagoen Moukhtar Abliazov Kazajistango opositoreak bere herrialdean «iraultza» martxan dela ziurtatu du eta Errusiako Armadaren «okupazioa» salatu du. «Hiru egunetan benetako iraultza hasi da», ziurtatzen du Abliazov-ek Parisen Afp agentziari eskaini dion elkarrizketan.
58 urte dituen Abliazov bankaria zen eta erregimenean ministroa izan zen 90. hamarkadan kargutik bota zuten arte. «Nere ustez erregimenaren bukaeraren atarian gaude, iraultza jendearen baitan dagoelako. Kontua da zenbat denbora behar izango den. Urtebete iraun dezake edo bi astetan irauli daiteke», aurreratzen du.
Bere ustez, hiru hamarkadetako erregimen autoritarioaren ostean, «jende azkenean ohartu da ez dela ahula, gai dela erregimenak herriari entzutea behartzeko». Horrela, bada, «Nursultan Nazarbaieven estatuak erorarazten hasi dira. Jendea jabetu da, biltzen bada, estatuak botatzeko eta Gobernua kargugabetzeko kapaza dela»
Nazarbaiev Abu Dhabin?
Abliazovek ziurtatzen duenez, Kazajistango agintari historikoak, egungo presidentea karguan jarri zuena, Abu Dhabira alde egin du matxinada hasi eta berehala. Berri hau egia denik ez da, momentuz, ziurtatu.
Errusiako Armadaren iritsiera dela eta, oposizioaren buruzagiaren ustez, «erregimena beldur da eta Sobietar Batasuna berreraiki nahi duen (Vladimir) Putini laguntza eskatu dio (…) honek, nola ez, egoera profitatu du», soldaduak eramateko, salatzen du.
«Okupazio hutsa da», gaineratzen du, eta herritarrei grebak egiteko eta errepideak mozteko dei egiten die Parisetik.
Lehen ministro kargua hartzeko prest
Erbestean oposizioko alderdia, Kazajistanen Aukera Demokratikoa alegia, sortu duen Abliazov prest da bere jaioterrira bueltatzeko eta Emmanuel Macron Estatu frantsesaren presidenteari biltzeko eskaera egin dio. Are gehiago, prest da behin behineko gobernu baten lehen ministro bilakatzeko eta, hala balitz, erregimen parlamentario bat eratzeko konpromisoa hartu du. «Hori bai, sei hilabetera gobernutik alde egingo nuke», agindu du.
Nazarbaieven ministro ohia, 14 hilabete kartzelan eman zituen kargutik bota zutenean. BTA banketxea zuzentzen zuenean milioika dolar lapurtu izana leporatu zioten. Berak beti ukatu ditu salaketak eta Britainia Handira ihes egin ondoren Parisen amaitu zuen.
Kazajistango Gobernuak Abliazov estraditatzeko eskaera egin zion Estatu frantsesari. Baina Asilo Eskubideari buruzko Gorte Nazionalak errefuxiatu estatusa onartu zion, salaketen atzean «arrazoi politikoak» zeudelako.
2017an, Kazajistango oligarkari 20 urteko kartzela zigorra ezarri zioten banketxearen auzian. Handik gutxira, bizi arteko kartzela zigorra ezarri zioten BTA-ko lankide baten hilketa agintzeagatik. Hasierako ikerketan heriotza hau ehiza istripu baten ondorioa izan zela ondorioztatu zen.