Maddi Txintxurreta
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Erresistentziatik eraikuntzara, jauzi bat eman nahi du EH Bilduk burujabetzaren arloan

EH Bilduk «jauzi kualitatibo» bat eman nahi du 2022an. Erresistentzian baino indar gehiago jarriko ditu burujabetzaren eraikuntzan, Arnaldo Otegik urteko lehen Ohiko Batzar Nagusiaren ostean esan duenez. Bide horretan, ez ditu baztertu aliantza berriak.

Arnaldo Otegik Nafarroako bandera paratu du atrilean Amaiurko borrokaren 500. urteurrena oroitzeko.
Arnaldo Otegik Nafarroako bandera paratu du atrilean Amaiurko borrokaren 500. urteurrena oroitzeko. (Raul Bogajo | FOKU)

Euskal Herriaren nazio izaeraren errekonozimenduan, konpetentzien panela zabaltzean, erabakitzeko eskubidean eta euskal lurraldeen arteko harremanen burujabetzan oinarritutako jauzi kualitatibo bat emango du EH Bilduk 2022an, Arnaldo Otegi koalizioko koordinadore nagusiak urteko lehen Ohiko Batzar Nagusiaren ostean esan duenez.

500 urte beteko dira 2022an «Amaiurko gazteluan, nafar Estatuaren aldeko gudan 200 gudarik Carlos V.aren 10.000 soldaduen kontra» borroka egin zutenetik, eta gertaera historiko horren urtemuga baliatu du Otegik Euskal Herriaren «sustrai handiko borroka» goraipatzeko.

EH Bilduren Ohiko Batzar Nagusiaren atzetik prentsaurrera zuzendu da, eta atrilean Nafarroako bandera paratuta, nabarmendu du erresistentzia historikoari esker eta «gure herria suntsitu nahi dutenen» ahaleginez landa, Euskal Herriak bizirik jarraitzen duela: «500 urte eta hemen gaude».

Modu horretara, azaroan Bilbon egindako indar erakustaldiaren pareko mobilizazioa deituko du EH Bilduk Aberri Egunean, «masa borroka» indartzea helburu: Iruñeara eramango dute independentziaren aldarria.

Dena den, Otegiren iritziz, erresistentzian baino indar gehiago jarri behar da eraikuntzan, eta EH Bilduren proektu politikoak burujabetzarako eraikuntzari helduko dio 2022an ere. «Bide guztiak irekita» baitaude «euskal Estatua eraikitzeko», koordinatzaile nagusiak ohartarazi duenez, «batzuek eztabaida hau stand-by egoeran utzi nahi duten arren».

Norabide horretan «urrats kualitatibo bat» eman nahi du EH Bilduk, lau oinarritan sostengatutakoa: Euskal Herriaren nazio izaeraren errekonozimenduan, konpetentzien panela zabaldu eta ziurtatzean, erabakitzeko eskubide instituzionalizatzean eta euskal lurraldeen beraien artean izan nahi duten harremana errespetatzean.

«Ez gara ez adin txikikoak, ez zaigu gaitasunik falta erabakiak hartzeko. Ahalik eta subiranotasun maila handiena nahi dugu. Gobernu bokazioa eta Estatu bokazioa dugu», berretsi du Arnaldo Otegik.

Bestalde, eragin ditzaketen «kontraesanez» gaindi, liantzak zabaltzeko prestutasuna erakutsi du larunbat honetan Arnaldo Otegik. «EH Bildu prest egon behar da, udaletan egiten dugun bezala, batzuekin eta besteekin akordioak egiteko», esan du.

Alternatibak

Alor sozialean EH Bilduk dituen asmoen inguruan ere mintzatu da Otegi. Hezkuntza proposamenarekin egin bezala, alternatibak bultzatzen jarraituko duela segurtatu du. Eta alternatibok, batetik, herritarrekin kontrastatutakoak izango dira eta, bestetik, jada existitzen diren esperientziak izango dituzte oinarri, Otegiren hitzetan.

Adibide batzuk eman ditu: «Hezkuntza-ereduak Finlandiari begiratzen dio, trantsizio demokratikoaren ereduak Kopenhageri begiratuko dio, ekonomia zirkularraren ereduak Estoniari begiratuko dio».

Pandemiaren kudeaketa

Arnaldo Otegiren esanetan, alternatibak proposatzeko EH Bilduk duen bokazioa pandemiarekin batera demostratu du. Gogora ekarri du ezker independentista izan zela Gasteizko Legebiltzarreko taldeetan lehena galdetzen ea EAEko osasun sistema koronabirusaren krisiari aurre egiteko prest zegoen edo ez. Lehenak izan ziren, EH Bilduko kidearen arabera, «neurri zorrotzak» eskatzen.

Espainiako Kongresuan ere txertoen desjabetzearen aldeko mozioa aurkeztu zuten, «txertatzeko eskubidea unibertsala delako», esan du Otegik.

Bitartean, izenik aipatu gabe baina EAJ-PSE Gobernuari zuzenduta, «neurri kosmetikoak» hartzen ari direla kritikatu du, «zerbait egiten denaren itxura emateko», eta, zentzu berean, defendatu du pandemiaren kudeaketaren ardura nagusia administrazio publikoarena dela, ez norbanakoena.

«Orain, berriz kolapsatuta gaudenean, gogoratzen ditugu pandemiaren hasieran aipatzen genituen bi aukerak: birusaren aurka joatea edo birusarekin bizitzen ikastea. Administrazio publikoak badu bere ardura: batzuetan gustokoak ez diren neurriak hartu behar dira», agertu du Otegik.