Herbehereetan istripuz zendutako Kawa Leaumari omenaldi ezin hunkigarriagoa eskaini dio Altamirako zelaian Ordizia Errugbi Taldeak. Jokalariaren irudiarekin zabalduriko pankarta eta minutu bateko txaloak eskaini dizkiote, ordiziarrek Recoletas Burgos taldearen aurkako partidan. Hori guztia gutxi balitz, 22-3ko emaitza argiaz nagusitu dira gipuzkoarrak.
❤️ FAMILIA pic.twitter.com/02dE6DAWd9
— AMPO ORDIZIA (@ORDIZIARUGBY) January 9, 2022
Emozioz beteriko igandea bizi izan dute Altamiran. Neurketa hasi eta berehala Ryan Elliotek aurreneko entsegua gauzatu du eta Valentin Cruzek ere asmatu duelako 7-0 aurreratu dira ordiziarrak. Valentin Cruz berak 10-0ekoa ezarri du aurreneko zatiaren amaieran zigor kolpe bat gauzatzen asmatu eta gero.
Bigarren erdia ere antzeko bidetik joan da. Hala, beste bi entsegu burutu dituzte Ampo Ordiziako jokalariak: Anthony Matotok batetik, eta Muharua Wilhelnm Katjijekok neurketari merezitako amaiera emateko.
Porrota Gernikak La Cartujan
Ezin antzeko garaipenik ospatu Grupo Intxausti Gernikak La Cartuja Estadioan Ciencias Enerside taldearen kontra. Izan ere, «basurdeek» 45-15eko emaitza nabarmenarekin galdu baitute.
Hasierako minutuetan bizkaitarrek hiruna berdintzea lortu badute, behin bere arerioak aurreneko entsegua gauzatu ondotik, maldan gora jarri zaio partida Gernikari. Hala, atsedenaldira 24-8 iritsi da neurketa, eta bigarren zatiaren aurreneko minutuetan «basurdeek» 24-15ekoa ezarri badute ere, Albertus De Bod eta Iker Olaetaren bitartez, partida amaierara bitartean sekulako erauntsia etorri zaie gainera eta ezin izan dute deus egin horren aurka.