Arnaitz Gorriti

Peña eta Albisuk burugogorkeria bertute egin eta garaile atera dira Getarian (20-22)

Urrutikoetxea eta Aranguren 10-1, 18-10 eta 20-16 aurretik aritu badira ere, bikote urdinak sekula ez du amore eman, eta Peñak sakez eta errematean egindako lanak azken tantoetan saria ekarri du. Hala, iazko azpitxapeldunak seigarren postura igo dira Binakako Txapelketan.

Jon Ander Peñak sakez sekulako mina eman du Getariako pilotalekuan.
Jon Ander Peñak sakez sekulako mina eman du Getariako pilotalekuan. (Gorka RUBIO / FOKU)

«Partida oso txarra jokatu dugu, baina buruz gogor gaude eta hozka egiten jarraitzen dugu». Horra Jon Ander Peñaren adierazpenak Getariako Sahatsaga pilotalekuan partida amaitu berritan. Saskibaloiko Euroliga 2012 eta 2013. urteetan irabazi zuen Olympiacos haren antzeko, joko eskasa edo gorabeheratsua eginagatik, ezin ba galdutzat jo bikote gipuzkoarra.

Jon Ander Peñak batik bat ezeri ere ez diola beldurrik erakutsi du beste behin. Albisu bere mailaz oso behetik hasi da, Getariako frontoiko zoruaren abiaduaren erruz pilotara jarri ezinda. Peña, bere aldetik, gogotsu aritu bada ere, sarritan presaka jokatu du eta zentzu horretan kale larregitan egin du. Alabaina, partidaren azken aldera, markagailuan atzetik 10-1, 18-10 eta 20-16 ibili eta gero, bikote gipuzkoarrak azkenera arte borrokan jarraitu du eta burugogorkeria horrek, batez ere Peñak sakez eta errematean egindako lanak, saritu ditu.

Ondorioz, hirugarren garaipena lortu dute iazko binakako txapelketako azpitxapeldunek, hiruna garaipenekin Jaka eta Mariezkurrena II.arekin berdinduta, baina tanteo hobearekin. Urrutikoetxea eta Arangurenek, berriz, lau garaipen dauzkate, baina oraindik ia dena dago argitzeko, aurreneko faseko ligaxka hau amaitzeko sei jardunaldi falta baitira.

Urdinen kalamitatea

Ezagun da Peña eta Albisuk ez dutela iazko Binakako Txapelketan adina bikote egiten, batik bat Ataungo atzelariari dagokionez. Eskarmentudun jokalaria izanagatik, bere burua sosegatu ezinik aritu da Albisu, ernegaturik eta presaka, tarteka sekulako pilotakadak astindu arren. Hala, aitaren batean 10-1 aurreratu dira Urrutikoetxea eta Aranguren, beste munduko jokorik egin beharrik gabe gainera. «Zerbait egin behar dugu hori konpontzeko», onartu du partidaren amaieran Jon Ander Albisuk.

Halakoren baten sakea berreskuratu dute urdinek, eta Jon Ander Peñak aurreneko pilotakada horretan aurkariak aztoratzen dakiela erakutsi du. Are gehiago Getariako Sahatsagako pilotalekuan, zeinek, oso zoru bizkorra duen eta hobea den erasorako defentsarako baino. Sakez hiru tanto lortu ditu aurrelari tolosarrak eta 10-6an urdinek aukerarik izan zezaketela pentsatu dute ikusleek ere, iaz Urrutikoetxeak eta Imazek 14-21ekoari Altuna III.a eta Mariezkurrena II.ari buelta nola eman zioten gogoan.

Alabaina, urdinek kale larregi egin dituzte gauza onerako. Baina ez hori bakarrik, Mikel Urrutikoetxea jokoan baitago eta hala, 10-6tik 16-7raino alde egin du berriz ere bikote gorriak. Hasieran adina erraztasun ez dituzte eman Jon Ander biek, baina halako atzerapenari buelta emango bazaio ezin da inola ere kale egin, eta ez dute gorrien defentsarako gaitasuna apurtzeko kapaz izan. Horrez gain, Arangurenek berak ere atzean tanto pare bat sartu ditu, 18-10ekoa esaterako, txokoan aurreraino joan eta Albisuri atzeratzeraz aparte, ezker horman pilota itsatsi dionean.

Etsi etsian, gorantz

Joan den asteburuan Peña eta Albisu Irribarria eta Rezustari azken orduko sekulako buelta bati esker irabazteko kapaz izan ziren. Jon Ander Peñak zerikusi handia izan zuen buelta handi hartan. Bada, Getarian ere Tolosako aurrelariak zeresan handia izan du, berak hartu baitu bikote urdinaren ardura. Hala, 18-10etik 18-16ra hurbildu dira, eta gorriak nabarmen urduri jartzea lortu ere lortu dute.

Urrutikoetxea, batik bat, pilota larregi pasatzen utzi baititu tarte horretan, eta sartu den gehienetan defentsan lanetan. Hala, Zaratamokoa erasora pasa da eta bolada txarra ezker gantxo aparta sartuta lortu du; Urrutikoetxeak berak bota duen garrasia aintzat hartuta, tantoaren balioa bera baino handiagoa izan da arerioen bolada etetea. Are gehiago hurrengo tantoan Peñak kontraerasoa jotzeko pilotakada behera bota duenean.

Hala ere, 20-16koarekin lanak ez dira amaitu gorrientzat, Peñak hurrengo bi tantoak bere talentuari esker eta ekinaren ekinaz amaitzea lortu duelako, nahiz eta bi, hiru eta lau bider ere errematatu behar horretarako: 20-18 eta sakea urdin. Eta hurrengo tanto ere, urdin, Peñak pilota txokoan utzita. Bada, 10-1ekoarekin dena eginda zegoelakoan, 20-19 eta berdintzeko parada Jon Ander bientzat. Baita berdindu ere, Urrutikoetxeak eskuin sotamanoa txapapera bota ostean.

Inork uste ez eta 20-21 aurreratu dira urdinak, sakez Jon Ander Peñak bere laugarren tantoa erdietsi ostean. Urdinek irabazi behar ote zuten ba? Ba bai! Arangureni kontrakantxara joan baitzaio Jon Ander Peñak txokoan dotore asko laga duen pilotari erantzuna. Akatsak akats, Peñak eta Albisuk burugogorkerian aurkitu dute aurrera egiteko bidea, garai bateko Olympiacos txapeldun hark egiten zuen moduan.

PARTIDAKO FITXA

Pilotakadak: 431.

Iraupena: 60:51 minutu.

Markagailua: 1-0, 4-0, 4-1, 5-1, 10-1, 10-2, 10-6, 11-6, 11-7, 12-7, 16-7, 16-8, 16-9, 17-9, 17-10, 18-10, 18-16, 19-16, 20-16, 20-17, 20-22. 

Sakez: 1 Urrutikoetxeak eta 4 Peñak.

Tantoak: 7 Urrutikoetxeak eta 2 Arangurenek; 10 Peñak eta 0 Albisuk.

Galdutakoak: 3 Urrutikoetxeak eta 5 Arangurenek; 5 Peñak eta 5 Albisuk.

Gorabeherak: Sarrera erdia Getariako Sahatsaga pilotalekuan. Aurreneko sakea, gorri.