NAIZ

Osakidetzak pertsona zaurgarri edo sintoma larriak dituztenen positiboak zenbatuko ditu soilik

Gaurtik aurrera farmaziako test batean positibo eman eta bi baldintza horietako bat betetzen ez duen pertsona bere etxean isolatu behar da EAEn. Baja bat kudeatzeko berrespena behar badu soilik bete beharko du Osakidetzaren webguneko farmaziako testari buruzko formularioa.

Gotzone Sagardui Osasun sailburua, aurreko Osasun Batzorde batean. (IREKIA)
Gotzone Sagardui Osasun sailburua, aurreko Osasun Batzorde batean. (IREKIA)

Gotzone Sagardui Lakuako Osasuneko sailburuak iragarri duenez, Osakidetzak farmazia testetan positibo eman duten pertsonen kasuak soilik sintomatologia kasu larrietan eta kolektibo zaurgarrietan erregistratuko ditu. Positibo eman baina bi baldintza horietakoren bat betetzen ez duenak konfinatu egin beharko du, baina ez du horren berri eman beharko.

Sagarduik agerraldia egin du astelehen honetan Gasteizko Legebiltzarreko batzorde batean, osasun-estrategian izandako aldaketen berri emateko eta koronabirusaren bilakaerari buruzko datu batzuk aurreratzeko, gaur eguerdian argitaratuko den buletin epidemiologikoaren zain.

Gaurtik aurrera farmaziako test batean positibo ematen duen pertsona bat bere etxean isolatu behar da, eta baja bat kudeatzeko berrespena behar badu soilik bete beharko du Osakidetzaren webguneko farmaziako testari buruzko formularioa, Osakidetzak emaitza egiazta dezan.

Osasun zentrora soilik baliabe telematikorik ez dutenek deitu beharko dute eta gainontzekoek webgunearen bitartez jakinaraziko dute bere kasua. Sintomak okertzen badira edo kolektibo zaurgarri batekoa bada, lehen mailako arretan artatuko da.

Zehaztu duenez, igande honetan 7.620 positibo berri detektatu dira, % 42ko kutsatze-tasarekin, eta 14 egunetan 6.694 kasuko intzidentzia metatua izan da 100.000 biztanleko. Une horretan, ospitaleetako gaixotasunak gora egin du: 796 gaixo daude solairuan, eta 137 ZIUn.

Txertaketa

Bestetik, txertaketaren inguruko datuak ere berritu ditu eta erretiroa hartutako langileen itzulera eskertu. Erretiratutako 129 osasun langile itzuli dira lanera, osteguneko datuekin. «Txertaketa eraginkorra da, kutsatzeen ondorio larriagoak saihesten dituen neurrian», insistitu du.

Azken datuen arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan 80 urtetik gorakoen %93,8ak jaso du hirugarren txertoa, 60 urtetik gorakoen %88,8 eta 40tik gorakoen %60,6. 12 urtetik beherakoen %41,8 jaso du lehen dosia eta hauei gehitu dizkie «azken 28 egunetan kutsatuak izan diren 10.000 adingabeak».