NAIZ

Angelica Morales idazle eta antzerki zuzendariak irabazi du V. Gabriel Celaya saria

Gabriel Celaya Nazioarteko V. Poesia Sariaren epaimahaiak Angelica Moralesen ‘Mi padre cuenta monedas’ lana izendatu du lehiaketaren V.edizioko irabazlea.

Angelica Morales, Gabriel Celaya V. Poesia Sariaren irabazlea.
Angelica Morales, Gabriel Celaya V. Poesia Sariaren irabazlea. (@poeta_angelica)

Angelica Morales (Teruel, 1970) idazle, aktore eta antzerki zuzendari aragoiarra da V.Gabriel Celaya poesia sariaren irabazlea. Moralesek ‘Mi padre cuenta monedas’ lanari esker lortu du nazioarteko poesia lehiaketako bosgarren ediziora aurkeztu diren 756 lanen artean gailentzea.

«Gabriel Celaya 2021 Nazioarteko V. Poesia Saria jaso izanak, niretzat ustekabea eta alaitasun ikaragarria suposatzeaz gain, emozioz bete nau nire izena Gabriel Celaya izeneko poetaren izenarekin lotu izanak. Poeta hori beti dago nigan, eta oso ausarta eta egia hutsa da. Eta poesia hori da guztiaren gainetik: salaketa, egia eta sentimendua», azaldu du Moralesek.

Honako hau ez da Moralesen idazteko gaitasuna sari baten bitartez errekonozitzen den lehen aldia. Izan ere, azken urteetan hamarnaka literatura sari irabazi ditu eta 2017an bere ‘Mujeres rotas’ eleberria espainiar Estatuko Planeta Sariko hamar finalisten artean gelditu zen.

Epaimahaia osatu duten Amalia Iglesiasek, Carlos Aurtenetxek, Jon Obesok, Esther Ramonek eta Jose Luis Padronek lan irabazlea aukeratu ondoren jakin dute Morales izan dela egilea. Hortaz, oinarrietan adierazten den bezala, Moralesek 10.000 euro eta Leopoldo Ferran eskultoreak egindako garaikur artistiko bat jasoko ditu sari moduan.

Gainera, bere lana «ospe handia» duen argitaletxe batek argitaratuko duela iragarri du Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Sailak, lehiaketaren antolatzaileak.

Moralesek epaimahaiari eta Foru Aldundiari eskerrak eman dizkie bere lanean sinesteagatik: «Eskerrak eman nahi dizkiot epaimahaiari nire lanean izan duen konfiantzagatik eta, nola ez, Gipuzkoako Foru Aldundiari poesiaren aldeko apustua egiteagatik».