NAIZ

Granger, lanera itzuli berritan: «Datozen partidetan ikusiko da benetan non gauden»

Baskoniako jokalariak astelehenean hasi ziren taldean entrenatzen, zenbait covid-19  kasurengatik berrogeialdian egon ostean. Oraindik lau taldekideren faltan daude gasteiztarrak ostiralean Euroligan Real Madrilen aurka aritu aurretik.

Grangerren Baskoniak Real Madril izango du hurrengo aurkari Euroligan.
Grangerren Baskoniak Real Madril izango du hurrengo aurkari Euroligan. (Raul BOGAJO | FOKU)

Baskonia bueltan da. Ez gaur, baizik eta astelehenetik. Gasteiztarrak taldeko entrenamenduetara bueltatu ziren aipaturiko egun horretan eta gaur ere saioa izan dute BAKHen egutegi estuari aurre egiteko. Baskoniarrek lau partida jarraian utzi behar izan dituzte bertan behera taldean egon diren zenbait covid-19 kasu direla-eta. Ostiralean izango dute lehen lehia, Euroligan Real Madrilen aurka.

Gaur egun taldeak lau ausentzia ditu. Izan ere, klubak eskaini duen bideoan Vanja Marinkovic, Rokas Giedraitis, Lamar Peters eta Sander Raieste jokalarien hutsunea nabaria da. Honek ez du esan nahi ostiralean ezin izango dutela jokatu, baina ikusi beharko da zein den beraien eboluzioa datozen orduetan.

Taldetik kanpo ari dira lanean horietako jokalari batzuk, testen emaitzek negatibo eman arte. Dena ondo badoa, prest egongo lirateke bost egunetan hiru partida jokatzeko: Real Madril Euroligan eta Andorra eta Lugo Ligan.

Sorturiko egoera honen aurrean, Jayson Granger kapitainak hitz batzuk eskaini dizkie Baskoniako kamerei. Uruguaiarrak aitortu du azken bi asteetan geldirik egotea «ez duela inor pozten» eta gaineratu du datozen partidetan ikusiko dela taldea benetan non dagoen.

Granger entrenatzen jarraitu ahal izan duen jokalari gutxi horietako bat da. Lau partida kantxetatik kanpo egon arren, argi du beraiena ez dela kasu bakarra izan edo izango. «Talde asko pasa dira egoera honetatik. Taldekideak ari gara berreskuratzen eta orain garrantzitsuena berriro forma hartzea eta hurrengo partidak irabazten saiatzea da», azpimarratu du.

«Entrenatzen jarraitu duten jokalarientzat hobetzen jarraitzeko egoera ona izan da», gaineratu du baskoniarrak. Izan ere, «denboraldian zehar ez dago entrenatzeko eta hobetezeko hainbeste denbora»; beraz, «aurredenboraldi txiki» bat bezala hartu dute egoera hau.

Datozen egunetan jokatu beharreko hiru partida «zaila eta gogorrei» buruz ere mintzatu da Granger: «Real Madril, Andorra eta Lugo saskibaloi ona egiten ari dira. Gure gauzak egin eta azken partidan Bartzelonaren aurka erabilitako esentzia ez dugu galdu behar», azpimarratu du joko-antolatzaileak.

«Sendoagoak izan behar dugu 40 minutuetan. Talde honek talentu asko du erasoan eta defentsan. Oso zaila da guri irabaztea», abisatu du Grangerrek. Hori bai, segidan aitortu du «batzuetan» bospasei minututan deskonektatzen dutela eta horrek partida erabaki lezake. «Lehiatu behar dugu», amaitu du.