NAIZ

2.697.000 litro ekoitzi ditu 2021ean Getariako Txakolina Jatorri Deiturak

Getariako Txakolina Jatorri Deiturak (JD) 3.974.000 kiloko uzta-ekoizpenarekin itxi du 2021a, 2020ko uzta baino %10 txikiagoa. Merkaturatzeari dagokionez, 2019ko zifretara iritsi da, eta esportazioa %30 igo du.

Getariako Txakolina 2020 Uztaren aurkezpena.
Getariako Txakolina 2020 Uztaren aurkezpena. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Aurten, pandemiak eragindako egoera ikusita, urtarrilaren 17an, Getariako San Anton egunean, ekitaldirik ez egitea erabaki du Getariako Txakolina Jatorri Deiturak (JD). Hala ere, 2021eko uztako Txakolina dagoeneko merkatuan dagola nabarmendu dute eta ekoizpenaren datuak eman ditu.

2021eko uzta-ekoizpena 3.974.000 kilokoa izan da, 2020ko uzta baino %10 txikiagoa. «Mahats osasuntsu eta kalitatezkoa bildu da irailaren 2. hamabostalditik aurrera, eta, horren ondorioz, gure inguruko txakolin tipikoa egin da, 11 gradu ertainekoa eta azidotasun markatu eta orekatua duena» zehaztu du.

443 mahasti hektarea egon dira inskribatuak eta, orotara, 2.461.000 litro Txakolin Zuri, 230.600 litro Txakolin Gorri eta 6.540 litro Txakolin Beltz ekoiztu dira. JDtik azaldu duten arabera. upategi bakoitzaren ekoizpenaren %80 Hondarrabi Zuri eta Hondarrabi Beltza barietateen gutxienekoa izan behar da, eta gainerako %20a Erregelamenduan adierazitako barietateena, hala nola Petit Courbu (Hondarrabi Zuri zerratia), Gros Manseng, Chardonay eta Riesling.

«Beti mantendu izan dugu Hondarrabik, gure barietate autoktonoak, txakolin mota ezberdinak egiteko aukera ematen duela. Upategi bakoitzak bere mahastien egoera kontrolatzen du, eta mahatsa biltzeko unea erabakitzen du, egin nahi duen txakolin-motaren arabera, betiere Araudian ezarritakoa betez», azaldu dute.

Merkaturatzean datu onak

Merkaturatzeari dagokionez, 2021a ondo itxi dutela adierazi dute, 2019ko zifretara iritsiz. Esportazioa %30 igo da: 2019-2020 kanpainan 423.200 litro esportatu ziren, eta 2020-2021 kanpainan, berriz, 574.125 litro. «Hau da upategiek merkatu berriak irekitzeko egiten duten ahalegin handiaren emaitza».

AEB da merkatu nagusia (herrialde guztien %65a), ondoren frantziar Estatua (%6,5), Erresuma Batua eta Norvegia (%5,2) eta Suedia eta Japonia (%4) daude. Getariako Txakolina Jatorri Deitura 36 upategi inskribatuta daude eta, aurten, bi upategi berri daude: Murgialdai Oñatin eta Aitaren Zestoan.