Fiskaltzak eta EH Bilduk bermatutako aurreakordioaren arabera, Alonsotegiko alkate ohia, Jose Luis Erezuma, udal arkitektoa eta bi enpresaburuak kondenatuko dira, prebarikazioa, dokumentuak faltsutzea eta diru-laguntzetan iruzur egitea egotzita. Koalizio subiranistak egin duen balantzean, bere akusazioari esker milioi bat euroko bermea gordailuan lortu izana nabarmendu du, kondenatuek dirua osorik itzul dezaten.
Akordioan honako hauek jasotzen dira: diru-laguntzen prebarikazioa, dokumentuak faltsutzea eta iruzurra onartzea; zigorra ezartzea; eta iruzur egindako diru guztia itzultzea. Baina, batez ere, EH Bilduk egindako akusazioari esker lortu da, ordainketa egutegi batez gain, milioi bat euroko bermea gordailuan, kondenatuek dirua osorik itzul dezaten.
«Politika ulertzeko modu baten egiaztapena»
«Honako hau ez da ustelkeria delituagatik ezarritako lehen zigorra, eta ez da lehen aldia EAJko alkatetzetan horrelako kasu bat argitara ematen dela EH Bilduk egiten duen lanari esker. Alonsotegikoa ez da kasu bakarra. Politika eta zerbitzu publikoa ulertzeko modu baten egiaztapena da», Izaskun Duque EH Bilduko Bizkaiko batzarkide eta arduradun instituzionalaren esanetan.
«Gaur egun esan dezakegu EAJko alkate bat ustelkeriagatik kondenatu dutela. Alosotegin epaitutako pertsonak ustelkeriagatik kondenatu dituzte eta jarduera ustelak egin izana aitortu dute», gaineratu du Duquek.
Horregatik, EH Bilduk, «orain inoiz baino gehiago, politika ulertzeko eta gobernatzeko beste modu bat dagoela» azpimarratu du, politika gardenekiko konpromisoa berretsi du, eta edozein praktika txar azaleratzeko eta publiko egiteko lanean jarraituko duela esan du.
Koalizio abertzalearen ustez, politika zerbitzu publikoa da, eta herritarren errespetua ezinbestekoa da. «Herritarrenganako errespetu eskrupuloso horrek EH Bilduk zero ustelkeria kasu dituela esatera garamatza pozik. Beste batzuek ezin dute gauza bera esan. Hemen ez du balio beste batzuek okerrago egiten dutela esateak, beste batzuk ustelagoak direla esateak. Politika ustelkeriarik gabe egin daiteke. Egin daiteke eta egin behar da», adierazi du Izaskun Duquek.