Tolosako Udalak herriari inauterien inguruan erantzun bat ematea erabaki du, ospatzekotan prestaketa lanak hastear baitzeuden. Hala, erabaki du aurten ere ezin izango direla inauteriak ospatu uste duelako ez direla segurtasunez egiteko baldintzak betetzen. Izan ere, hiru irizpide izan dituzte kontuan: osasun egoera, ospitaleratu kopurua eta ZIUn dauden gaixoen kopurua eta indarrean dauden neurri eta gomendioak.
Udalak adierazi duenez, Tolosan kutsatze tasa altua da, 6.319,59koa egiaztatutako testen emaitzen arabera. Beheranzko joera hartu badu ere kutsatze tasak, ospitaleratu kopurua eta ZIUn dauden pertsonen kopuruak altuak dira oraindik.
«Egungo osasun egoerak ez du ahalbideratzen inauteriak ospatu ahal izatea, aurten ere ez direlako betetzen inauteriak ospatzeko beharrezkoak diren osasun baldintzak, baieztatu du Olatz Peon Ormazabal alkateak prentsaurrekoan.
«Ez da erabaki erraza izan inauteriak oso jai maitatuak direlako tolosarrontzat, inauteriek batu egiten gaituztelako, berdindu; inauteri gogoz gaude eta jai giroan elkartzeko beharra ere badugu, baina egungo osasun egoera medio arriskutsua litzateke horrelako jai jendetsua ospatzea; hurrengo urtean bai ohiko eran Tolosako inauteriak ospatzeko itxaropen osoa dugu», azpimarratu du alkateak.
Haur eta gazteentzat programazio berezia
Izarne Iglesias, Kultura zinegotziak, jakinarazi du Udala asteazkenean bildu zela inauterietan parte hartzen duten eragile guztiekin erabakiaren berri emateko: aisialdi taldeak, txarangak eta danborradako kideak, besteak beste.
Jai egunak izango dira Tolosan, lan egutegiak direla-eta, horregatik, Udalak, iaz bezala haur eta gazteei zuzendutako programazio berezia antolatuko du: zinea, haurrentzako emanaldiak eta Topaguneko eskaintza indartuko dira, besteak beste.
Datozen asteak programazio berezi hori lantzeko baliatuko ditu Udalak eta ondoren, egitarauaren berri emango da