Iraide Ibarrondo

Bizkaiko lehen sektoreak ekoizpen kostuak estaltzen dituzten salneurriak eskatu ditu

Lehen sektoreko 100 langile baino gehiago batu dira Bilboko Arriaga antzokiaren aurrean, Bilbon, Elikagaien Katearen Legearen berehalako aplikazioa eta ekoizpen kostuak estaltzen dituzten prezioak eskatzeko.

Bizkaiko lehen sektorea bidezko salneurriak eskatzen, Bilbon.
Bizkaiko lehen sektorea bidezko salneurriak eskatzen, Bilbon. (NAIZ)

Ezohiko itxura hartu du ostiral honetan Bilboko Arriaga plazak. Gida turistikoek beraien euritako deigarriekin okupatu ohi duten txokoa, ekoizpen kostuen azpitik saltzeaz nazkatuta dauden 100 nekazari, abeltzain eta basozain baino gehiagok hartu baitute. Gainera, ez dira bakarrik egon: 7 traktore eta hainbat behi ekarri baitituzte beraien presentzia ez dadin oharkabekoa izan. Elkarretaratzearen bidez, ekoizpen kostuak estaltzen dituzten «bidezko prezioak» eta Elikagaien Katearen Legearen «berehalako» aplikazioa exijitu dute lehen sektoreko beharginek.

Bizkaiko lehen sektoreko sindikatu guztiek egin dute bat mobilizazioarekin, non ‘Nekazaritzak, abeltzaintzak eta basogintzak badu etorkizuna, arduraz joka dezagun’ leloa eta hamarnaka pankarta erabili dituzten. Unai Arangurenek, EHNE-Bizkaiako bozeramaileak, lehen sektoreak pairatzen duen egoeraren aurrean immobilismoa leporatu die Bizkaiko erakundeei: «Kostu azpitik ekoiztera eta Bizkaiko erakundeen babes ezagatik kondenatzen gaituen elikadura sistema baten ondorioz, Bizkaiko lehen sektorea krisian dagoela salatu nahi dugu».

Ildo beretik, Arangurenek Elikagaien Katearen Lege berritua «berehala eta modu errealean» aplika dezaten exijitu die EAE eta espainiar Estatuko administrazio zein alderdi politikoei. Izan ere, lege honek salneurriak produkzio kostuak baino baxuagoak izatea debekatzen du. Hala ere, banaketa prozesuko figurei ere egoera «jasanezin eta bidegabe» honen ardura egotzi die Arangurenek. «Ezin dugu onartu banaketak zartagina kirtenetik helduta izatea, eta ekoizpen kostuak ordaindu gabe jarraitzen duten prezioak ezartzen jarraitzea», kritikatu du.

Ez da lehen sektoreak banaketa enpresak jopuntuan jarri dituen lehen aldia, iragan den abenduan ere hainbat mobilizazio egin baitzituzten Mercadona saltokiaren aurrean, Iruñean, eta baita Alcamporen atarian ere, Oiartzunen.

Hori horrela, banaketak «zartagina kirtenetik helduta izatea» eta «ekoizpen kostuak ordaindu gabe jarraitzen duten prezioak ezartzen jarraitzea» onargaitza dela salatu du Arangurenek arranen soinuaren artean. «Momentu honetan esnearen ekoizpen kostuak 40-42 zentimoko tarte horretan egon daitezke eta Bizkaian dugun batez besteko salneurria litroko 37-38 zentimokoa da», berretsi du Alberto Llona abeltzainak.

Hori horrela, EHNE-Bizkaiaren bozeramaileak jakinarazi du esnearen ekoizpen kostuak %30 hazi direla 2021ean eta lehen sektorea likideziarik gabe «itotzen» ari dela. Ekoizpen kostuen igoera, alde batetik, abereen elikagaien garestitzeak eta, bestetik, argindarraren prezioaren hazkundeak eragin duela esplikatu du Llonak.