NAIZ

Alemaniak 1980ko Transexualitate Legea erregulazio batengatik ordezkatu nahi du

Alemaniako koalizio Gobernuak iragarri du 1980ko Transexualitate Legea deuseztatu eta generoz aldatzea erraztuko duen erregulazio batengatik ordezkatzeko asmoa duela.

LGTB bandera.
LGTB bandera. (Attila KISBENEDEK | AFP)

Alemaniako Gobernu zentral berriak genero askatasunaren alorrean pauso bat harago joateko duen asmoa agerian jarri du ostiral honetan. Izan ere, Sven Lehmannek, alemaniar Gobernuko Sexu eta Genero Aniztasuna Onartzeko arduradunak, azaldu du egun indarrean dagoen Transexualitate Legea «diskriminatzailea» eta «lehentasun handikoa» dela. Hala ere, legearen deuseztapena ez dela «goizetik gauera» gertatuko abisatu du.

«40 urte daramatza giza duintasuna bortxatzen, transgeneroa izatea gaixotasun bat delako ustean oinarritzen delako», salatu du NVT kateari egindako adierazpenetan, jarraian joan den abenduan hasi zen legegintzaldian zehar legea «ezabatua» izango dela gehitzeko.

Izan ere, Alemanian indarrean dagoen Transexualitate Legeak bi txosten sikiatrikoren aurkezpena exijitzen die generoz aldatu nahi duten herritarrei, zeina LGTB erakundeen aburuz, prozesu «luze» eta «neketsua» den.

«Identifikazio-dokumentuetan egoera zibilari buruzko galderari nork bere kabuz erantzun ahal izatea nahi dugu, eta horretarako txosten sikiatrikorik behar ez izatea», eskatu du Lehmannek ostiral honetan.

Burlen aurrean babestuta

Transexualitatearen legeak urteak daramatza polemika eta eztabaida iturri izaten Estatu germaniarrean, baina legea deuseztatzeko berde eta liberalen esfortzuek ez dute inoiz fruiturik eman Gobernuko alderdiek ezezko jarrera hartu izan dutelako.

Hala ere, iragan den iraileko hauteskunde federalen artean aldaketa batzuk egon ziren. Izan ere, ordutik hona Alemaniak bere historiako lehen bi diputatu transgeneroak ditu Parlamentuan: Tessa Ganserer eta Nyke Slawik berdeak.

Koalizio Gobernuak aurreikusten duen Generoa Autodeterminatzeko Legeak lege-trantsizioa sinplifikatzeaz gain, osasun publikoa arduratuko da sexua aldatzeko ebakuntzez.

Gainera, beste neurri batzuen artean, transak trantsizio aurreko generoaren inguruko burlengatik juridikoki babestuta egongo dira. Hau da, norbaitek pertsona trans bat bat trantsizio aurreko generoari erreferentzia eginez iraintzen badu, isun ekonomiko bat jaso ahalko du.

Terfak kontra

Feminismoko sektore baztertzaile batzuk autodeterminazio lege baten aurka posizionatu dira. Izan ere, beraien ustetan, lege berriak «genero» kontzeptuaren «berdefinizio» bat suposatuko luke eta kontzeptuak bere oinarri biologikoa galduko luke kriterio subjektiboen mesedetan.

«Generoaren kontzeptu hori inposatzen bada, horrek ondorioak izango lituzke garrantzitsuak diren lege guztietan, familia-zuzenbidetik hasi eta zigor-zuzenbideraino», argudiatu du Hilde Swathe Generoa Kontuan ekimeneko aktibistak.