Arnaitz Gorriti

Altunak eta Martijak Elezkano eta Zabaletari beren botika emanda irabazi diete (22-13)

Hasieran egungo txapeldunak 4-8 aurreratu arren, Altunaren jokoak 16-2ko partziala eragin du, eta atzean Martijak berak ere uste baino gehiagotan erakutsi dioi bizkarra Zabaletari. Elezkanok defentsan ohi baino gehiago sufritu du, baina Zabaleta izan da bere mailarekiko okerren aritu dena.

Altuna eta Martija, jaun eta jabe Labriten.
Altuna eta Martija, jaun eta jabe Labriten. (Jagoba MANTEROLA / FOKU)

Binakako Txapelketako azken bi partidak galdu ostean, bistan da Elezkano II.a eta Jose Javier Zabaleta ez direla garaiezinak. Are gutxiago Altuna III.a eta Martijarentzat, aurreneko itzulian ere irabazi egin baitzieten egungo bikote txapeldunari, zapatuan Labriten irabazi dieten moduan.

Nola irabazi gainera! Elezkanok eta Zabaletak egin ohi duten erara, pixkanaka hobetzen joan eta partidaren bigarren herenetik aurrera nagusitasun osoz irabazi dute gorriz jokatu duten pilotariek. Alperrik aurreratu dira 4-8 Zaratamokoa eta Etxarrengoa, handik aurrera Jokin Altunak partidaren aginte makila hartu eta 16-2ko partziala lortuta mila puska hautsi baitu Labriteko dema.

«Oso zentratuta ekin diogu eta atzetik hasi arren, sentsazioak ez ziren txarrak. Pilota aldatu dugu eta han aldea hartu dugu. Atzean sendo aritu naiz eta bikain aritu da Jokin aurrean, eta nik uste Zabaleta bere mailaz behetik aritu dela», laburbildu du Julen Martijak.

Izan ere, gorrien partzial ikaragarri horretan egungo txapeldunek dituzten gabeziak bistan lagatzea lortu dute Altuna III.ak eta Martijak. Elezkanok asko sufritu du Altunaren erasoei eutsi ezinik eta Zabaletak, bere aldetik, Amezketako aurrelariaren keinuekin oso arratsalde petrala pasa du, ahoko zuloan hartutako pilotak bikain baliatu baititu Martijak berak ere, pilotari altuera eman eta atzera botatzen badakiela erakutsiz.

«Konfidantza hartzeko ikaragarri datorkigu partida hau», gaineratu du atzelari nafarrak, oraindik ere lidertzan jarraitzen duten Elezkano eta Zabaletarengandik puntu bakarrera jarri baitira Labriteko garaipenaren ondotik.

Ados azaldu da Jokin Altuna analisi horrekin. «Partida seioa egin dugu eta hasieran eurek aginduagatik, ez dugu oparirik egin. Gero, partidak aurrera egin ahala, bere mailatik behera aritu da Zabaleta. Nik uste aurretik jarri garenean partidatik atera egin dela bera. Guk geuk bagenekien sakea hartuta min ematea bagenuela, eta eta Julenek –Martijak– lautik hartzen duenean atzeratzen badaki. Gainera, ongi gaudelarik guri tantoa sartzea ere ez da hain erraza», gaineratu du Jokin Altunak.

Elezkano, nahi eta ezin

Defentsan deseroso egon den arren, Zabaleta gaizki pasatzen ari zela ikusitta saiatu da Danel Elezkano aurrean bera ere jokoa nahasten. Eta ez du lan txarrik egin, tanto eder askoak lortu baititu bere erremateei esker. Baina arriskatzeak akatsak ere badakartza berarekin eta nahi baino txapa gehiago jo ditu Zaratamoko aurrelariak.

Hala, bikote urdinak 20-13 jarri du markagailua eta agian buelta handiren bat emateko itxaropenik izango zuen, baina Altunak eta Martijak, normalean Elezkano II.ak eta Zabaletak erakutsi ohi duten sendotasunaz, ez diete aukerarik eman eta egungo txapeldunek amore eman behar izan dute.

PARTIDAKO FITXA

Pilotakadak: 389.

Iraupena: 46:42 minutu.

Markagailua: 0-1, 1-1, 2-1, 2-2, 2-4, 3-4, 3-5, 4-5, 4-8, 8-8, 8-9, 15-9, 15-10, 20-10, 20-13, 22-13.

Sakez: 3 Altuna III.ak eta 1 Elezkano II.ak.

Tantoak: 7 Altuna III.ak eta 2 Martijak; 8 Elezkano II.ak eta 2 Zabaletak.

Galdutakoak: 1 Altuna III.ak eta 1 Martijak; 5 Elezkano II.ak eta 5 Zabaletak.

Gorabeherak: Sarrera polita eta giro bikaina Labrit pilotalekuan. Aurreneko sakea, gorri.