Ane  Urkiri
NAIZeko zuzendaria / Directora de NAIZ

Azken sailkatu Zonzamasen aurka lehiatuko da Bera Bera, bi asteko atzerapenarekin

Duela bi aste jokatu behar zen Zonzamas Lanzarote eta Bera Beraren arteko norgehiagoka baina Kanarietako taldean antzemandako zenbait kasu positibo zirela-eta, atzeratu egin behar izan zen. Donostiarrek, sufritu ostean, garaipena eskuratu zuten Sagunton pasa den asteburuan. 

Emma Boadak bi gol sartu zituen Morvedreren aurkako partidan.
Emma Boadak bi gol sartu zituen Morvedreren aurkako partidan. (BM MORVEDRE)

Ezin irabazita jarraitzen duen Zonzamas Lanzaroteren pabilioia bisitatuko du oraindik partidarik galdu ez duen Bera Berak. Kosta zitzaien donostiarrei Morvedre mendean hartzea baina azken 15 minutuetan defentsa findu eta azkenean 10 goleko aldearekin irabazi zuen Sagunton. 

Lidertzan jarraitzen dute gipuzkoarrek, jokatu dituzten hamaika partidetatik hamar irabazi eta bat berdinduta. Hala, ezin ukatu daiteke ostiral honetako partidan (21.00etan, Euskal Herriko orduan) faborito argia dela Imanol Alvarezek zuzendutako taldea. Ermuarrak ezin izan zuen bidaiatu Saguntora covid-19an positibo eman eta bakartuta egon behar zuelako. Aste honetan batu da taldera eta Lanzaroten berak gidatuko du taldea. 

Sagunton jokaturiko lehian kosta egin zitzaien partidan sartzea eta bigarren zatiko 10. minutura arte ez zuten partida bideratu. Azkenean markagailuan alde handiz irabazi zuten baina izerdia ederki botata. Igarri zen bai bi hilabeteko etenaldia izan zuela taldeak. 

Zonzamas Lanzarotek, bestalde, Rocasaren aurka porrota jaso zuen baina ez zion inoiz partidari aurpegia galdu. 28-24 markagailuarekin bukatu zen derbi kanariarra. 

Bera Berak hurrengo asteburuan jokatuko du Rocasaren aurka, bigarren sailkatuaren aurka, alegia. Partida ari begira, ostiral honetako norgehiagoka egokia izan daiteke zuzenketak egin eta arerio zuzen baten kontrako partidara maila onean iristeko. 

Lanzarote eta Donostiako taldea lehen aldiz lehiatuko dira elkarren artean, kanariarrak pasa den denboraldian aritu baitziren estrainekoz Ohorezko Mailan –iazko denboraldia bi multzotan banatu zen eta ez zuten elkar kointziditu–. 

Donostiarrei dagokionez, jokalari guztiak daude jokatzeko moduan. Maddi Aalla atezaina Sagunton berragertu zen orkatileko lesioa gainditu ostean eta bizkaitarrak maila ona eman zuen, merituzko zenbait geldiketa eginez –jaurtiketen %30 gelditu zituen–. 

Saguntoko partidan oso maila onean dabilen Maitane Etxeberriak 600 golen langa gainditu zuen. Zazpi gol egin zituen, Bera Beraren golegile nagusia izanik, eta bota zituen jaurtiketa guztiak sareratuz.