NAIZ

Sailkapenean goian sendotzeko lehia zuzena dauka IDK Euskotrenek Estudiantesen kantxan

Larunbat arratsaldean jokatuko dute bai talde donostiarrak nola Kutxabank Araskik ere, Leganesen aurka, azken honek. Lointek Gernika Bizkaiak, berriz, Perfumerias Avenidaren aurkako partida martxoaren 2an jokatu beharko du.

Aspaldiko unerik gozoenean dago IDK Euskotren.
Aspaldiko unerik gozoenean dago IDK Euskotren. (Gorka RUBIO / FOKU)

Endesa Ligako 19. jardunaldia jokatuko da asteburu honetan eta dagoeneko jakina da Lointek Gernika Bizkaiak martxoaren 2ra arte itxaron beharko duela Perfumerias Avenidaren aurka Malosten jokatzeko. Aldiz, IDK Euskotrenek eta Kutxabank Araskik zapatuan bertan jokatuko dute. Donostiarrek Estudiantesen kantxan partida zail askoa izango du eta gasteiztarrek, berriz, Leganes hartuko dute Mendizorrotzan.

Sailkapen nagusiari so eginez gero, seigarren postuan finkatzeko borroka zuzena izango dute Azu Muguruzarenek Madrilen 19.30etatik aurrera. Lointek Gernika Bizkaiaren aurka euskal derbian sekulako maila eman zuten gipuzkoarrek eta halakorik errepikatzea erdietsiz gero, ez dira garaipenetik urrunegi geratuko.

Izan ere, IDK Euskotrenek pasa den igandean erakutsi zuen jokoak itxaropena piztu du Donostian aspaldiko partez. «Lauren Cox etorri denez geroztik, taldeak jauzi bat egin du gorantz», onartu du asteon Azu Muguruza entrenatzaileak berak. «Ikusi egin behar lesioek edo bestelako arazoek zein neurritan muga gaitzaketen, baina taldearen sapaia non dagoen ez da ikusten une honetan», gaineratu du.

Astean zehar Leganesi irabazi dio Estudiantesek, bere garaian covid-19aren erruz atzeratu beharreko dema, hain zuzen. Leslie Knight –haurdun dagoelako ez du gehiago jokatuko denboraldi honetan– eta Laura Quevedo gabe irabazi zuen Madrilgo taldeak, eta horiek gabe, Arica Carter eta Nadia Fingallek hartu zuten puntuak saskiratzeko ardura. Ez da ahaztu ebhar, bestalde, IDK Euskotrenek euskal derbia irabazteko sei jokalarik lortu zutela 10 puntu edo gehiago saskiratzea.

Gorantz begira jarraitu nahian

Joan den igandea 75-50 galdu zuen Kutxabank Araskik Campus Prometeren kantxan eta Ligako aurreneko zortzi postuetatik kanpo geratu zen beste behin, Logroñoko taldearekiko abveragea galduta gainera. Baina orduan gertatu zenak atzera bueltarik ez duenez gero, aurrera begira jarri beharko dute Madelen Urietarenek. Hortarako, 18.30etatik aurrera Leganesen aurka ekin beharko dute.

Estudiantesen aurka galdu du asteon Leganesek eta sailkapen nagusian hamaikagarren postuan dago, 5-11 balantzearekin. Kutxabank Araskik bi garaipen gehiago pilatu ditu orain arte eta badu sasoia behingoan zortzigarrena lortu eta beherantz baino gorantz begira jartzeko.

Aurreneko itzulian 75-80 nagusitu ziren gasteiztarrak Madrilen, Katja Zec hegalekoak 29 puntu saskiratu eta gero. «Leganes ditudiena baino talde indartsuagoa da, baina guri pasatzen zaigun moduan, gorabehera handiak dauzka», iritzi dio Tamara Seda Kutxabank Araskiko pibotak.

Mozanbikeko jokalariaren aburuz, «akats gutxien egiten duen taldea nagusituko da. Joaneko partida gogoan izan behar dugu, eta horrez gain eguneroko lanean konfidantza izan behar dugu. Gogor ari gara lanean eta inork ere ez du bere burua hurrengo partida galtzeko prestatzen», gaineratu du Sedak.

Bestalde, talde gasteiztarrak covid-19 positibo baten berri eman du bere webgunearen bitartez. Emakumeen Ligak ezarritako protokoloak jarraituz, «osasun egoera onean eta etxean isolatuta» dago positibo eman duen jokalaria. Aldiz, gainontzeko taldekideek negatibo eman dute errefortzu testak egin ondoren.

Atzeratutako partida

Lointek Gernika Bizkaia atzeratuta dituen partidak jokatu ezinik dabil oraindik. Hala, talde bizkaitarrak aditzera eman duenez, Ciudad de la Laguna Teneriferen aurkako partidari data berria jarri dio: martxoaren 9an 20.00etan, aurreneko itzuliko 17. jardunaldiko neurketa jokatuko du Malosten.