NAIZ

Ciencias Enersideren kontra lortutako garaipen garrantzitsu batekin omendu du Ordiziak Kawa

Talde goierritarra 19-12 gailendu zaio aurkariari eta zertxobait gehiago aldendu du sailkapen nagusian. Partida ostean, Ordizia Rugby Elkarteak omenaldi sentikorra eskaini dio duela aste batzuk zendutako Kawa Leauma jokalariari, «betiko gure artean jarraituko badu ere».

Omenaldi sentikorra eskaini diote Kawa zenari Altamiran.
Omenaldi sentikorra eskaini diote Kawa zenari Altamiran. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Ampo Ordiziak bi hitzordu garrantzitsu zituen larunbat honetan Altamiran. Alde batetik, Liga partidako partida zuen jokoan Ciencias Enersideren kontra. Alde horretatik, goierritarrek helburua bete dute, garaipena erdietsi baitute 19-12 irabaziz.

Bestalde, bigarren helburua iragan abenduan istripuz hildako Kawa Leauma jokalariari omenaldi sentikorra eskaintzea zen. Eta ekitaldi hau emozioz beterik egon da. Gainera, garaipena eskuetan izanda, omenaldia are eta sentikorragoa izan da. Aurreskua, Kawaren inguruko hitz batzuk, bere alargunarekin egindako bideodeia eta jokalariari buruzko bideo bat ikusi ahal izan dira bertan.

Aurreskua dantzatu diote Kawari omenaldian. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Klubak Kawaren familiari ere eskaintza berezia egin nahi izan dio. Izan ere, Kawaren galeraz gain, egoera honek bikoteari eragin dion egoerari aurre egiteko diru-bilketa kanpaina abiatu du Ordiziak errugbi munduko klub eta zaleen artean.

Alde horretatik, zuzendaritza taldetik eskerrak eman dizkiete «mila-milaka elkartasun mezuak» bidali dituzten guztiei. Ordiziako Udalari ere eskerrak eman dizkiete, dirulaguntza jartzeagatik eta «harretagatik».

Partidari dagokionez, ederki hasi da Ordizia. Izan ere, 17. minuturako 19-0 zen aurretik. Alain Arañak entsegua egin du eta Lander Mujikak transformazioa barrura bidali du (7-0). Ondoren, Salinasek berak beste bi entsegu egin ditu (17-0) eta Ander Alberdik transformazioa barrura bidlai du 19-0ekoa ipintzeko.

Kanpoko taldeak markagailua txukuntzea lortu du atsedenaldira joan aurretik (19-7). Ez hori bakarrik. Bigarren zatian, 66. minutuan hain zuzen ere, 19-12 ere ipini da markagailuan Vincent O’Brienen entsegu bati esker. Baina garaipenak ez du ihes egin eta omenaldiari eman diote pauso.

Gernika, lehiakor baina porrotarekin VRACen etxean

Bestalde, Gernikak maila bikaina eskaini du VRAC Quesos Enrepinaren Ohorezko Mailako oilar baten etxean, baina porrotarekin eta sailkapen nagusiko azken postuarekin itzuli beharko dute bizkaitarrek (18-10).

Oso partida lehiatua jokatu dute Valladoliden lehen minututik azkenera arte, baina etxekoen kalitatea nabarmendu da puntuak bertan geratzeko.

VRACek 11 puntu lortu ditu lehen zatian, Jorge Ortizen entsegu batekin eta Nathan De Thierryren bi zigor ostikorekin.

Bigarren zatian gernikarrak suspertu egin dira. Hanno Snymanek entsegua egin eta 11-5ekoa ipini du markagailuan. hala ere, etxekoek martxa bat gehiago ipini eta 18-5 aldendu egin dira Alejandro Alonsoren entsegua eta berriro ere Nathan De Thierryren transformaziari esker.

Neurketa amaitzer zela, Jon Mikel Aboititzek entsegua egin eta markagailua pixka bat gehiago txukundu ahal izan du (18-10).