NAIZ

Otsaileko maratoia Kopako kanporaketekin hasiko dute Bidasoa-Irunek eta Anaitasunak

Jacobo Cuetararen gizonek 20.15etan Artalekun dute hitzordua Kopako final-zortzirenetako joaneko neurketa Benidormen aurka. Talde nafarrak, bestalde, Valladoliden kantxan berrekingo dio urtarrileko etenaren ondorengo lehiaketen martxari.

Rodrigo Salinas, Txileko selekzioarekin jokatzetik bueltan eta osasuntsu.
Rodrigo Salinas, Txileko selekzioarekin jokatzetik bueltan eta osasuntsu. (Jon URBE / FOKU)

Selekzioen txapelketak, hala Europakoa nola Hego Amerikakoa, amaitu dira eta eskubaloi klubak galtzak bete lanekin bueltatuko dira lanera, tartean, Bidasoa-Irun. Talde gipuzkoarrak otsail honetan hamar partida jokatu beharko ditu, Asobal Liga, Kopa eta European League delakoari dagozkionak; aurrenekoa asteazken honetan 20.15etan, Kopako final-zortzirenetako kanporaketari dagokion joaneko neurketa, Benidormen aurka Artaleku kiroldegian. Itzulerakoa astebetera, hilaren 9an, jokatuko dute Palau l’Illa de Benidormen, 20.00eta hasita.

Esan bezala, Benidormen aurkako kanporaketa neurketaz jositako otsailaren hasiera baino ez da, entrenatzeko ia betarik gabe eta covid-19aren baimenarekin –pasa den ostiralean positibo bat eman zuten Jacobo Cuetararenek eta Torrelavegaren aurka jokatu beharreko lagun arteko partida bertan behera uztea erabaki zuten–. Hargatik, Jacobo Cuetara entrenatzaileak «ziurgabetasuna» aipatzea taldea nola dagoen definitzeko orduan, ez da batere harritzekoa. Hala ere, gutxienez osasuntsu itzuli dira Rodrigo Salinas, Da Silva eta Kauldi Odriozola selekzioekin izan dituzten txapelketetatik, eta ez da gutxi.

«Erabateko ziurgabetasunez ekingo diogu kanporaketa honi. Auskalo nola moldatuko garen talde biak lehiara itzultzerakoan. Oso litekeena da Benidormen erabakitzea kanporaketa», adierazi du Bidasoa-Irunen entrenatzaileak Artalekuko dema jokatu bezperan.

Benidorm eta Bidasoaren arteko Kopako lehiak azken urteetan sarritan errepikatu dira, ia beti final-laurdenetan, berdin partida bakarrera nola joaneko eta bueltako neurketekin. Gehienetan gipuzkoarrak nagusitu dira, baina ez da ahaztu behar batetik, Benidormek Bidasoa-Irun kanporatzea zer den badakiela, eta bestetik, etenaldiaren bezperetan Benidormek Ligako partida irabazi ziola Bidasoari, 28-27 izan bazen ere.

Neurketa honi begira, Benidormi Jose Maria Carrillo jokalaria faltako zaio, baina Pablo Vainstein eta James Parker jokalari argentinarrak jokatzeko moduan izango ditu.

Aurkariaz ez baita fidatzen Jacobo Cuetarak garranztai eskerga eman dio aurreneko zatiari. «Gaizki badoa, kalteak murriztu behar dituzu euren etxean irabazteko, eta ondo badoa, ahalik eta emaitzarik onena lortu. Ez dago modu hoberik», iritzi dio. Horrez gain, entrenatzaileak azpimarratu du taldeak «ahalik eta gehien eman behar duela jokaldi guztietan, itzulerarako ahalik eta emaitzarik onena lortzeko».

Artalekuk 800 ikusle jaso ahal izango ditu gehienez, eta hala, norgehiagoka Bidasoaren webgunearen bitartez jarraitu ahal izango da.

Anaitasuna, Valladoliden

Helvetia Anaitasunari dagokionez, Valladoliden etxean jokatuko du Kopako final-zortzireneko joanekoa, 20.00etatik aurrera.

Ikusi egin behar nafarrak zein sasoi puntutan iritsi diren denboraldiaren bigarren zati honetara. Joan den zapatuan lagun arteko dema jokatu zuten Estatu frantseseko bigarren mailan ari den Handball Pau Pyrénées taldearen aurka, eta Quique Dominguezen gizonak 36-26 nagusitu ziren Anaitasuna kiroldegian. Are gehiago, harrobiko lau gaztek,  Ibai Etxarte, Iñaki Martinez, Pablo Itoiz eta Pablo Fernandezek, lehenengo taldearekin debuta egin ahal izan zuten.

Esan gabe doa lehiaketa ofizial bateko neurketa bat ez dela lagun arteko partida bat bezalakoa, ezta kanpoan jokatzea etxean aritzea baino zailagoa dela ere. Hala ere, Valladolideko entrenatzaileak, David Pisonero jokalari ohiak, Asobal Ligari «lehentasuna» damaiola adierazi du partida bezperan, Asobal Ligan Valladolid nahiko behean baitabil Anaitasuna ez bezala –zortzigarren postuan dira iruindarrak–. Dena den, hobe izango dute Quique Dominguezenek behar bezala ekitea asteazkeneko demari, kanporaketa Anaitasunan erabaiko bada ere, aurkariak sorpresarik eman dezan zirrikiturik laga gabe.