Ane  Urkiri
NAIZeko zuzendaria / Directora de NAIZ

Rafa Nadalek historia egin al du? Court, Serena Williams eta Grafek Grand Slam gehiago dituzte

Sareek ohartarazi dute badaudela Rafa Nadalek baino Grand Slam gehiago irabazi dituzten hiru tenislari eta beraz, Nadalek, bere 21. Grand Slama irabazita, ez duela egin "inork erdietsi gabekoa", zenbait hedabidek adierazi legez. Margaret Courtek 24 ditu, Serena Williamsek, 23 eta Steffi Grafek, 22.

Serena Williams 2013. urteko Roland Garrosen.
Serena Williams 2013. urteko Roland Garrosen. (Yann CARADEC)

«Nadalek historia egin du, inork egin gabeko zerbait erdietsi du», zioten zenbait hedabidek Rafa Nadalek Australiako Irekia irabazi –benetan partida epikoa jokatuz, hori ere txalotu egin behar da– eta bere 21. Grand Slama konkistatu ostean. Sekulako lorpena da, ez da ezbaian jartzen, baina beste behin ere, historian zenbait aldiz gertatu legez, emakumeen lorpena isilarazi egin dira. 

Nadalek historia egin du gizonezkoen tenisean, baina ez tenisean bere horretan. Zer esango du Margaret Courtek, 1960 eta 1973 urteen bitartean 24 Grand Slam bereganatu zituenak? Edo Steffi Grafek, 1987tik 1999ra 22 irabazi zituenak? Grafek gainera oraindik inork parekatu ez duen Urrezko Slama ere bereganatu zuen 1988. urtean (lau Irekiak eta Olinpiar Jokoetako urrezko domina). 

Margaret Court garaikur batekin. (Eric KOCH/ANEFO)

Edo are gehiago, egun oraindik ere jokatzen dabilen Serena Williamsek? 23. Grand Slama irabazi zuen 2017an Australian bertan eta 2019an Courten lorpena parekatzetik gertu egon zen. Jakina, ez zuen inola ere Nadalek bezainbesteko oihartzunik izan.  

Sareak, nolabait, tenislari hauen lorpenen ohartarazle bilakatu dira egunotan. Tenis zalea izan edo ez, kirol zalea izan edo ez, han hemenka ibili da hiru tenislari hauek Nadalek baino Grand Slam gehiago irabazi dutela oroitarazten duen testua. 

Court, Graf eta Serena Williamsen lorpenak isilarazten baldin badira, emakume erreferenteak isilarazten dira. Nadalen figura gorenera eraman eta besteak ahanzturan erortzea dakar honek. Gizonezko batek lortutakoari pisu gehiago ematea, balore gehiago, emakumeek errazago izango balute bezala. Emakumeen lorpenak gutxiestearen adibide garbia da. 

Steffi Grafek erakustaldi-partida bat jokatu zuen 2009ko Wimbledonen. (Chris EASON)

Nadalek gizonezkoen tenisean egin du historia, 21. Grand Slama irabaztea badelako azpimarratzea merezi duen garaipena. Baina testuinguruan jartzea ere komeni da, kirola ez delako soilik gizonezkoena eta kasu honetan, emakumeek lehenago lortu dutelako 21 Grand Slamen langa gainditzea.

Batzuk esango dute hiru tenislari hauek bere garaian ez zutela izan kasik aurkaririk; alegia, nagusi izan zirela. Eta Nadalek, Federer eta Djokovicekin lehiatu behar izan duela (20 Grand Slam dituzte biek). Baina garai bereko arerioak baino askoz ere hobea izatea ba omen da meritua, ezta? 

Gogoratu, beraz, izenak: Margaret Court, Steffi Graf eta Serena Williams, hauek ere izan zirelako eta badirelako teniseko izarrak, aitzakiak aitzaki, fokoek itzalpean gorde nahi badituzte ere.