Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes
Interview
Maddi Aalla
Bera Berako atezaina

«Bi partida hauek behar genituen erritmoa hartu eta Rocasaren aurka sasoi onean iristeko»

«Oso pozik» dago Maddi Aalla Bera Beran eta Donostian, oro har. Familikoia den heinean, etxetik gertu gorengo mailan jokatzen jarraitzea funtsezkoa zen berarentzat. Alice Da Silvarekin «talde ona» egiten duela iritzita, talde txapeldun bateko exijentzia maila ondo eramaten ari delakoan da. 

Maddi Aalla, Bera Berako atezaina.
Maddi Aalla, Bera Berako atezaina. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Paris 92 taldearen aurkako kanporaketan, itzulerako partidan, Maddi Aallaren sekulako partida azpimarratu zen. Azken bost minutuetan orkatila bihurritu eta zenbait partida erabakior harmailetatik ikusi behar izan ditu. Sagunton itzuli zen kantxara berriro ere, eta merituzko geldiketak eginez, hitz guztiekin ziurtatu daiteke bueltan dagoela.

Rocasaren aurka lehiatuko da Bera Bera larunbat honetan (18.00etan Gasca). Bigarren sailkatuak dira kanariarrak, donostiarren lidertzatik bost puntura –partida bat gutxiagorekin–, eta talde gipuzkoarreko atezainak azken asteetako zenbait xehetasun eman dizkio NAIZi. 

Lesiotik errekuperatu eta maila onean itzuli zarela dirudi, Sagunton, estatistiken arabera, %30 geratuta… 

Lesiotik itzuli ondoren nire helburua zen partida hauetan erritmoa hartzea eta nik uste dut ondo joan dela. 

Imanolek bi atezainekin minutuak banatzen ditu, hori onuragarria da?

Bai, minutuak oso banatuta egotean bi atezainak oso entxufatuta gaude uneoro. Biok ari gara ondo eta garrantzitsua da. Hala ezean, soilik bat jokatzen baldin badago, bestea behar duzunean agian ez delako entxufatua egongo. 

Aipatu duzu pozik zaudela, Sagunton eginiko zenbait geldiketetan irribarrez begiratzen zenuen aulkira. Eroso zaudenaren seinale argia al da?

Bai, oso pozik eta oso eroso nago. Iritsi nintzenetik oso ondo hartu naute, bai niri eta baita iritsi diren gainontzekoei ere. Pertsonalki, Alicekin [Da Silva] oso gustora nago atean, oso talde ona egiten dugu, ulertzen gara, elkar laguntzen gara.  

Atezain baten kasuan errazagoa da egokitzapena? 

Pertsonalki beste edozeinentzat bezala da baina, agian, kirol esparruari dagokionez, pixka bat errazagoa izan daiteke ze gu ez gara sartzen taldearen eraso edo defendatzeko sistemetan. Gu ez gara egokitu behar defendatzeko modu zehatz batera edo jokaldi batzuetara, gure helburua geldiketak egitea da eta hori berdina da leku batean edo bestean. 

Min hartuta egon zinen azaro osoan, Alice Da Silvak hartu behar izan zuen erantzukizun osoa. 

Bai, Oihane [Bautista, bigarren taldeko atezaina] ere bazegoen baina egia da oso gaztea dela eta oraindik ez dauka hainbeste esperientzia. Gainera, hain justu, partida gogorrak jokatu behar genituen, Europako bigarren kanporaketa tartean. Ligan Atletico Guardes, Zuazo, Xixongo La Calzada, Granollers, Elx… Alicek partida guztiak jokatu behar izan zituen eta berarentzat agian zailagoa izan zen; batez ere, partiden karga asko zegoelako. Hilabete batean zazpi partida jokatu zituen, ia astero bi partida. 

Zuk nola ikusi zenuen taldea orduan? 

Uste dut urtea maila oso onean bukatu genuela, ligako partida guztiak irabazita bat izan ezik, Porriñoren aurka berdindu genuela. Europan, nahiz eta ez genuen aurrera egitea lortu –oso zaila zen–, taldeak aurpegia eman zuen eta oso maila onean lehiatu ginen. 

Kasik hiru hilabete egon zara lehiatu gabe, taldea bi hilez geldirik… Sagunton apur bat igarri zen geldialdia, ezta?

Bai. Bai Sagunton eta bai Lanzaroten nabaritu da oraindik ez geundela urtea bukatu genuen maila berean. Partida hauek izan dira apur bat erritmoa hartzeko, taldea berriro ohitu eta elkarren artean ulertzeko, txapelketaren dinamikan sartzen joateko. Asteburu honetan Rocasaren aurka proba erabakiorra moduan izango dela iruditzen zait. 

Rocasaren aurka maila onean iristeko prestaketa onak izan dira, alegia. 

Bai. Behar genuen talde bezala berriro lehiatzen hastea, denbora asko izan da geldituta egon garena, jende pila bat falta izan da entrenamenduetan. Batzuk selekzioekin, gero oporrak, covid-19… Behar genituen bi partida hauek berriro erritmoa hartzen joateko eta Rocasaren aurka sasoi onean iristeko. 

«Goiz da jakiteko atezain hobea naizen edo ez. Uste dut prozesu bat dela, urtez urte nire helburua hobetzen joatea da. Horregatik erabaki nuen Bera Berara etorri eta aurrerapauso bat ematea» 

Eta uste duzu kirolari moduan urrats bat eman duzula? Iritsi zinena baino atezain hobea zarela?

Ez dakit… Lehiari dagokionez, egia da beste gauza batzuengatik lehiatzen nagoela eta exijentzia handiagoa da. Uste dut, momentuz, exijentzia maila horretan ondo erantzuten ari naizela. Estatistikei dagokienez, ez dakit zein den desberdintasuna baina, nolanahi ere, goiz da jakiteko atezain hobea naizen edo ez. Uste dut prozesu bat dela, urtez urte nire helburua hobetzen joatea da. Horregatik erabaki nuen Bera Berara etorri eta aurrerapauso bat ematea. 

Ezberdina da salbazioagatik borrokan zaudela jokatzea edo garaikur bat irabazteko lehiatzea? 

Partida bakoitzean beti zoaz lehiatzera, zure onena ematera eta irabaztera. Esan dudan bezala, helburuak hemen eta Zuazon ezberdinak dira. Zuazorekin partida batzuetan ez zen hain garrantzitsua irabaztea. Beti nahi duzu irabazi baina, esaterako, Rocasa edo puntako taldeen aurka irabaziz gero, poza sekulakoa da baina galduz gero, ez dauka eragin berezirik. Hemen, ordea, partida guztiak irabazi behar dira liga irabazteko. Badago ezberdintasuna. 

Partidak prestatzerako garaian, badago aldaketarik Zuazotik Bera Berara? 

Ez, partidak prestatzeko bideoak ikusten dira. Egia da hemen aste guztietan prestatzen ditugula aurkarien jaurtiketen bideoak eta gure aurreko partidaren bideoa ere aztertzen dugu, akats eta geldiketekin, eta hori oso ondo datorkigu. 

Partida garrantzitsua daukazue larunbat honetan, Rocasaren aurka. Nola prestatu duzue? 

Rocasa arerio zuzena da eta badakigu entxufatuta atera behar garela hasieratik. Egia da urtea oso ondo bukatu genuela eta gure helburua sentsazio horiek errekuperatzea da. Irabazi edo ez, gure esku dago; arerioa hor dago baita ere, baina gehienbat, gure esku dago garaipena. 

Imanol Alvarez entrenatzaileak aipatzen zuen azaro bukaeran taldearen maila sekulakoa zela eta helburua zela puntu horretara iristea. 

Etxean jokatu genituen partida guztiak –Xixongo La Calzada, Elx, Aula Valladolid– maila onean irabazi genituen eta maila horretara iristea lortzen badugu larunbatean, oso posible da garaipena etxean geratzea. 

«Oso garrantzitsua da pibotea kontrolatzea baina ezin gara oso atzean geratu ze bestela, kanpotik Sayna Mbenguek zein beste lateral Pavlovic-ek min handia egin diezagukete»

Eta irabazteko zeini geratu behar zaio? Sayna Mbengue, Alba Chiara Spugnini… 

Oso jokalari onak dituzte. Spugnini pibotea oso ondo dabil, ikusten da partidetan taldekide guztiek bilatzen dutela. Oso garrantzitsua da pibotea kontrolatzea baina ezin gara oso atzean geratu ze bestela, kanpotik Sayna Mbenguek zein beste lateral Pavlovic-ek min handia egin diezagukete (barrez). 

Rocasari irabaziz gero, aldea handituko zenukete bigarren sailkatuarekiko. Hala ere, badirudi Malaga suspertzen dagoela. 

Goian borrokan egongo gara Rocasa, Xixon eta Malaga. Azken bi horiei etxean irabazi diegu baina bigarren itzuli honetan, arerio zuzenen aurka kanpoan jokatzea egokituko zaigu. 

Baina ez daukazue Europa.

Bai, argi dago lasaiago egongo gara. Larunbatean bi puntuak lortzea ez da soilik garrantzitsua sailkapenarengatik, baita sentsazioak berreskuratzeko ere. Gero bigarren itzulia hasten da eta orduan erabakitzen da guztia. 

Nola ikusten duzu Zuazo?

Ondo. Ikusi ditut beraien partida batzuk eta uste dut ondo jokatzen ari direla. Agian gertatzen zaie lehen gertatzen zen berdina, azken unean ez dutela urrats hori ematea lortzen partidak irabazteko. Arerio zuzen ia guztien aurka jokatu dute eta bat izan ezik, beste guztiak irabazi dituzte. Uste dut ondo daudela.