Alaia SIERRA

Bizkaiko egoitzetako langileek Aldundiaren erantzukizun falta salatu dute gaurko greban

Bizkaiko zahar-egoitzetako langileek greba egin dute gaur, lan hitzarmena berritzeko negoziazioen blokeoaren aurrean. Hiru deialdi egin dira: ELAk egindakoa, LAB sindikatuarena eta UGT eta CCOO sindikatuek elkarrekin egindakoa. Bilboko mobilizazioetan Aldundiaren ardurarik eza salatu dute.

LAB sindikatuko kideak Bizkaiko Batzar Nagusien aurrean.
LAB sindikatuko kideak Bizkaiko Batzar Nagusien aurrean. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Hainbat mobilizazio egin dituzte astearte honetan Bilbon Bizkaiko zahar-egoitzetako langileek, lan-baldintzak hobetuko dituen hitzarmen berriaren negoziazio prozesuan aurrerapausuak eskatuz. Funtsean, jendea negozioaren gainetik jarriko duen eredua eskatzen dute.

Grebaren bidez Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak arreta zuzenaren ratioa hobetu dezaten, lana eta familia bateragarri egiteko neurriak har dezaten, langileen bajak lehenengo egunetik estali dezaten, gaixotasun bajak guztiz osatu dezaten eta sektore publikoa eta pribatuaren soldatak berdindu dezaten exijitu dute.

Gainera, salatu dute %100eko gutxieneko zerbitzuek eragotzi egiten dutela Bizkaiko zahar-etxeetako grebaren jarraipena kuantifikatzea

LAB sindikatuak kontzentrazioa egin du Bizkaiko Batzar Nagusien aurrean, Bilbon. Gainera, Hurtado Amezaga kalearen trafikoa moztu dute. Ane Escondrillas sindikatuko kideak adierazi duenaren arabera, patronalak negoziazio mahaia «guztiz blokeatuta dauka» eta «Aldundiak ez du ardurarik hartu».

Hori bera salatu dute ELA sindikatuko kideek Bilbon egindako manifestazioan. Lan-baldintzak hobetzeko negoziazio mahaia urtebetez blokeatuta egon da eta Ander Akarregi sindikatuko Osasun arduradunak adierazi duenez, «Bizkaiko Foru Aldundia arduradun nagusia da, eta ezer egin gabe jarraitzen du», honen aurrean aldaketa exijitzen du sindikatuak.

Gainera, Akarregik salatu duenaren arabera, Bizkaiko Foru Aldundiak itunpeko egoitzetara zuzendutako 255 milioi euroak «patronalarentzako» izango dira eta «langileentzako ez dago ezer ez, ez langileentzako ezta egoiliarrentzat edo senideentzat ere».

UGT eta CCOO sindikatuko kideek Bizkaiko Foru Aldundiaren Gizarte Ekintza Sailaren aurreran elkarretaratzea egin dute ere.