NAIZ
Hondarribia

Bidasoa Ospitaleko lanen inguruko informazioa ezkutatzea leporatu diote Hondarribiko alkateari

Abotsanitzek adierazi duenez, Bidasoa Ospitaleko bloke kirurgikoa eraberritzeko obretarako lizentzia uztailean eman zuen Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateak eta informazio hori zinegotziei hainbatetan «ezkutatzea» leporatu dio.

Osasun Bidasoak deitutako protesta baten artxiboko irudia.
Osasun Bidasoak deitutako protesta baten artxiboko irudia. (OSASUN BIDASOA)

Bidasoa Ospitaleko bloke kirurgikoa eraberritzeko obretarako lizentzia eman izana «zinegotziei ezkutatzea» leporatu dio Abotsanitzek Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateari.

Ohar batean nabarmendu duenez, lizentzia hori uztailaren eman zuen eta Osakidetzak 2021eko martxoaren 4an erregistratu zuen Hondarribiko Udalean obraren proiektua. «Urriaren 28ko osoko bilkuran, Abotsanitzek aurkeztutako mozioaren eztabaidan, proiektua Udalean zegoela eta obra baimenaren dekretua sinatu izana ezkutatu zuen alkateak», salatu du udal taldeak. «Faltan botatzen dugu Osakidetzatik, osasun ardura duten horiengatik, informazio guztia jasotzea. Horren falta sumatu dugu eta hori eskatu dugu», izan omen ziren alkatearen hitzak.

Gerora ere proiektua ezagutzen zuela eta kirofanoak ixteari argi berdea eman ziola «ezkutatu» izana leporatu diote. «Esaterako, urtarrilaren 17an eta otsailaren 3an eskualdeko bi irratitan eskainitako elkarrizketetan. Urtarrilean Radio Irunen hala mintzatu zen: ‘Ni harremanetan jarri naiz sailburuarekin, eta esan zidan harremanetan egongo garela. Espero dut elkartuko garela eta informazio hori izango dugula’». Antzeko adierazpenak egin zituen Antxeta Irratian. «Ospitalearekin kezkatuta gaude, ikusten dugulako proposatu den 18 hilabeterako proposamena ez dugula ezagutzen, eta espero dut informazioak laster jasotzea, bestela, beste neurri batzuek hartuko ditugu».

Abotsanitz udal taldeak gertatutakoa «oso larria» dela uste du. «Horrelako informazioak ezkutatzen dituen alkate bat al da Hondarribiak merezi duena?», galdetu du.

Ospitaleko langileak hilaren 19an manifestatuko dira erreforma hauen aurka.