NAIZ

Joseba Azkarraga eta Sortu kriminalizatzeko Guardia Zibilaren saiakera berriak porrot egin du

Joseba Azkarraga Sareko bozeramaileak Espetxe Zuzendaritzarekin izandako komunikazioak filtratu ditu Guardia Zibilak. Elkarrizketa horietatik euskal presoei «mesede tratua» eman zitzaiela eman nahi izan du ulertzera, baina porrot egin du: Fiskaltzak ukatu egin du deliturik dagoenik.

Guardia Zibila, Zarautzen 2020. urtean eginiko operazio batean.
Guardia Zibila, Zarautzen 2020. urtean eginiko operazio batean. (Andoni Canellada | Foku)

Duela sei hilabete Auzitegi Nazionalera bidalitako txosten bat eskubiko hedabide espainiarretara bideratu du orain Guardia Zibilak, Sortu kriminalizatzeko saiakera berri batean. Txosten horrek Joseba Azkarraga Sareko bozeramailea ere jopuntuan jartzen du oraingoan, Espainiako Espetxe Zuzendaritzarekin izandako harreman batzuen berri emanez. Azkarragak zenbait euskal presoentzako jestioak egin dituela eta espetxe mugimenduei buruzko informazioa lehentasunez jaso duela iradoki du utraeskuin espainiarrak. Eta horren gainetik preso hauek «mesede tratua» izaten dutela eman nahi du aditzera, egunerokoak kontrakoa adierazten duen arren. Gaur bertan jakin da kalean zen Jon Crespo espetxera itzuliko dutela, hirugarren gradutik bigarrenera pasatuz.

Harreman horiek, baina, ez dute delitu zantzurik, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak berak ebatzi duenez. Espetxe Zuzendaritzak, halaber, argitu du bere lan jardunean eragile askorekin mantentzen dituela harremanak, baina bilera horiek ez dietela espetxe-onurarik ekartzen presoei.

Isabel Rodriguez espainiar Gobernuko bozeramaileak ere agertu du «legearen esparrua» betetzen dutela harreman horiek, egia izatekotan, eta Espetxe Zuzendaritzaren ohiko jardunaren parte direla.

Filtrazio honek lotura zuzena du «ongi etorrien» harira Auzitegi Nazionalak ireki zuen sumarioarekin. Prozesu horren baitan, 2020ko urtarrilean atxilotu zuten Antton Lopez Ruiz, Sortuko Presoen Batzordeko bozeramailea, beste bi pertsonarekin batera, eta ordu gutxira libre utzi.

Ordu horietan, baina, Guardia Zibilak Lopez Ruizen mugikorra hartu zuen, eta, beti ere filtrazio hauen arabera, Joseba Azkarraga EAEko Gobernuko Justizia kontseilari ohiarekin dituen whatsapp bidezko elkarrizketak behatu. Elkarrizketa horietan, Angel Luis Ortiz Espetxe Zuzendaritzako idazkari nagusiarekin euskal presoen egoeraren inguruan izandako elkarrizketen berri ematen omen zion Azkarragak Antton Lopez Ruizi.

Normaltasunaren barruan dauden balizko kontaktu hauek kriminalizatu nahiean daude, ordea, Guardia Zibila eta bertsio hori puztu duten hedabideak. Estatu espainiarreko alderdi eskuindar eta ultraeskuindarrek (PP, Vox eta Cuidadanos) euskal presoei «mesede tratu» bat eman zaiela ondorioztatu nahi izan dute eta azalpenak eskatu dituzte.

«Ongi etorri»en afera probestuz

«Ongi etorrien» aurkako sumariotik tiraka eta tiraka ari da Guardia Zibila, honek islatzen duenez. Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) harrerak modu pribatu eta diskretuan egitearen aldeko jarrera hartu badu ere, irekita segitzen du ikerketa horrek.

Erasoa zabalago da. Horren abidide gisa, pasa den urteko irailean Auzitegi Nazionalak 'Kalera info' aldizkaria naiz Kalera Kalera agerkari digitala «berehala» ixtea erabaki zuen.