NAIZ

Zonifikazioarekin bukatzeko eskatu dute euskal sindikatuek, Nafar Gobernuaren aurrean

ELA, LAB eta Steilasek protesta egin dute ostegun honetan Nafar Gobernuko egoitzaren aurrean, euskararen dekretu berriaren harira. Salatu dutenez, euskarak ez du alemanierak eta frantsesak duen balorazio maila. Eta horrezaz gain zonifikazioa ezabatzeko eskatu dute beste behin ere.

Sindikatuen elkarretaratzea, ostegun honetan Iruñean.
Sindikatuen elkarretaratzea, ostegun honetan Iruñean. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

LAB, ELA eta Steilas sindikatuek elkarretaratzea egin dute ostegun honetan Nafarroako Foru Gobernuaren egoitzaren aurrean, euskararen zonifikazioarekin bukatzeko eskatuz eta «nafar guztion hizkuntza eskubideak» errespetatuko dituen dekretu baten alde, azken hau izan baita protesta eragin duen albistea.

ELAko kide Izai Bujandak eta LABeko Isabel Artiedak komunikatu bat irakurri dute Nafarroako Jauregiaren aurrean izan den kontzentrazioan. Honetan gogora ekarri dute Javier Ramirez presidenteordeak Administrazioan euskararen ezagutza baloratuko duen dekretu berriaren zirriborroa aurkeztu ziela sindikatuei duela bi aste eta kezka zabala eragin duela.

«Testu honen arabera, euskara ez da merezimendu gisa kontuan hartuko eremu ez-euskaldunean, eta eremu mistoan lanpostu jakin batzuetan baino ez. Hala, alemanierak edo frantsesak puntuazioa izango duten bitartean, euskara jakiteak ez du errekonozimendurik edukiko», salatu dute.

LAB, ELA eta Steilasen aburuz, dekretu hau «atzerapauso bat da hizkuntza eskubideen garapenean. Euskara, Nafarroako berezko hizkuntza den aldetik, erkidego osoan hartu behar da kontuan».

«Jakin badakigu dekretu honek, aurrekoek bezala, Euskararen Legeak inposatzen duen zonifikazioa duela oinarri. Zonifikazioarekin bukatzea beharrezkoa da, artifizialak diren muga batzuen ondorioz diskriminazioak sortzen baititu», ondorioztatu dute sindikatuek.