Duela mende laurden hil zen Eugenio Aranburu «Txo» Mallabian. Egun ikaragarri gogorra izan zen hura, goizetik gauera. Zer esanik ez Ana Larrondo bikotekidearentzat eta Haritz semearentzat. Honela gogoratu dute sareetan ostegun honetan, 25. urtemuga bete delarik.
Han pasado 25 años de la muerte de Txo ,recuerdo que le llevaste a Haritz a la escuela y después fue al caserío,yo fui a trabajar estaba en la consulta y me llamaron de coordinación médica porque había habido un suicidio y eras tú ,se me cayó el mundo encima.
— Ana Larrondo Barrena (@AnaLarronBarre) February 10, 2022
25 urte joatea erabaki zenuenetik, aita.
— Haritz Aranburu Larrondo (@AranburuHaritz) February 10, 2022
Beti egongo naiz harro ziñenaz, eta beti errespetatuko dut hartu zenuen erabakia.
Denok ez dugu berdin kontatzen istoria, zaila da ulertzea bestearen egia. Baina kantatu nahi dut zapalduen olerkia.
Asko maiteko zaitut beti, aita🌹✊ https://t.co/Oai3AxySLQ
Haritz Aranburuk eta Ana Larrondok mezu goxo asko jaso dute egun honetan sare sozialen bitartez, «Txo» oso gogoan dela argi utziz. Banan-banan eskertu ditu semeak.
Horien artean pare bat adibide baino ez:
Asko maite genuen eta beti maiteko dugu. Eta inoiz ez dugu ahaztuko. Gora Txo! https://t.co/atcLwTHwBb
— Arnaldo Otegi 🔻 (@ArnaldoOtegi) February 10, 2022
Besarkada handi bat, @AranburuHaritz
— Maria Jauregi (@MJauregiLasa) February 10, 2022
Aita harro egongo da zutaz. Amari ere eman beste besarkada bat.
Aranburu espetxeratua izateko zorian zegoen 1997ko otsailaren 10. hartan. Izan ere, gatazkaren konponbidea helburu zuen Alternatiba Demokratikoa zabaldu izanagatik Herri Batasuneko mahaikide guztiak ari ziren atxilotzen. Urte erdi beranduago, irailean, epaituko zituen Espainiako Entzutegi Gorenak. Eta zazpi urteko zigorrak Auzitegi Konstituzionalak baliogabetuko zituen, 1999. urtean, guztiak aske utzita.
Jasotako elkartasuna bihotzez eskertzearekin batera, hau erantsi nahi izan du Ana Larrondok, mezu bati erantzunez: «Txok minbizia zeukan, hori izan zen bere erabakia eta kitto».
Gainera, Larrondok bi izen aipatu ditu beste mezu batean: Joxe Mari Aranzamendi «Katxue» eta Unai Salaberria. Izan ere, gatazka armatuaren gordinean sufrimendu zabal eta sakona eragin zuten otsaileko egun haiek...
Lau heriotza egun bakar batean
Astelehen haren egunsentia jada saminez beteta zetorren, aurreko asteburua Alcala-Mecoko espetxetik etorritako albiste latz batek ilundu zuelako: Joxe Mari Aranzamendi «Katxue» Elorrioko presoak bere buruaz beste egin zuen ziegan. Astelehen horretan oraindik zalantza handiak zeuden gertatutakoari buruz. Hirugarren espetxealdia zuen Aranzamendik.
(1997ko otsailaren 11ko ‘Egin’eko azala)
Bitartean aurrera segitzen zuten mahaikideen atxiloketek, banan-banan eta etenik gabe. Bere aldetik, ETAk Cosme Delclaux enpresa-gizona eta Jose Antonio Ortega Lara espetxe funtzionarioa bahiturik zituen. Tentsio handiko giro politikoa zegoen Euskal Herrian, bistan denez.
Eguneko lehenengo heriotzaren albistea Granadatik heldu zen, Moncloako Jauregian Jose Maria Aznar espainiar presidentea eta Jose Antonio Ardanza EAEko lehendakaria bildurik ziren unean. ETAk eztandarazitako bonba-auto batek Domingo Puente Marin hil zuen, Armillako base militarreko langilea.
Eguerdi aldera Mallabiatik etorri zen astindua. Baserrian bere buruaz beste egin zuen Eugenio Aranburuk, LABeko kide eta oso maitatutako militanteak. Milaka lagun bildu zituen hurrengo egunean buruturiko omenaldiak eta herriko seme kuttun izendatuko zuten.
Arratsaldeko lehen orduetan Madrilen Entzutegi Goreneko Rafael Martinez Emperador epailea tiroz hil zuen ETAk. Erakunde honen bigarren hilketa ordu gutxitan. Juan Carlos Borboikoa erregea bera atera zen plazara arratsalde hartan, gaitzespen adierazpena egitera, salbuespen gisa eta egoeraren larritasuna adieraztera emanez.
Oraindik arrazoi politikoak zekartzan laugarren heriotza bat ekarriko zuen otsailaren 10ak, azken hau jada ilun zela eta Iruñetik barreiatua: Unai Salanueva gazteak bere buruaz beste egin zuen Txantrean. Nafarroan kartzelaratutako intsumisoetako bat zen Salanueva eta ordu horretantxe espetxera itzuli behar zen, eguna kanpoan eman ondoren, hirugarren graduan baitzen.