NAIZ

‘Klima-aldaketaren oinarrizko lexikoa’ plazaratu du Euskaltzaindiak

Klima-aldaketaren inguruko esamolde ugari ari dira txertatzen eguneroko hizkeran, baita euskaraz ere, eta Euskaltzaindiak eta UZEIk horien hautaketa bat egin eta ‘Klima-aldaketaren oinarrizko lexikoa’ argitaratzeko beharra antzeman dute.

Klima-aldaketaren inguruan asko hitz egiten da orain.
Klima-aldaketaren inguruan asko hitz egiten da orain.

Gero eta gehiago hitz egiten da hedabideetan nahiz kalean klima-aldaketaz eta aldaketa horri aurre egiteko hartu behar diren neurriez. Esate baterako, gai horrek zeresan handia eman du Nazio Batuen Erakundeak antolatu berri duen nazioarteko COP26 goi bileraren harira.

Horrela, klima-aldaketaren inguruko esamolde ugari ari dira txertatzen eguneroko hizkeran, baita euskaraz ere, eta Euskaltzaindiak eta UZEIk horien hautaketa bat egin eta ‘Klima-aldaketaren oinarrizko lexikoa’ argitaratzeko beharra antzeman dute, oinarrizko kontzeptu batzuk argitu eta euskarazko terminoak finkatzen laguntze aldera. Urtarrilaren 28ko Osoko Bilkuran onetsi zuen Euskaltzaindiak aipaturiko lexikoa. Bertan, 25 kontzeptu bildu dira, hala nola deskarbonizazio, karbono-aztarna eta klima-larrialdi.

Euskaltzaindiak eta bere erakunde atxikia den UZEIk elkarlanean argitaratu dituzten beste lexikoetan bezala (Koronabirusaren oinarrizko lexikoa eta Telelanaren oinarrizko lexikoa), oinarritzat hartu dira Euskaltzaindiaren hiztegi arauemailea (Euskaltzaindiaren Hiztegia) eta Euskalterm terminologia-banku publikoa, bai eta inguruko beste hizkuntzetako terminologia-banku nagusiak ere. Era berean, lan honetan oso kontuan hartu da klima-aldaketari buruzko euskarazko erabilera ere, bereziki, hedabideetakoa.

Klima-aldaketaren oinarrizko lexikoa Euskaltzaindiaren webgunean ikus daiteke.