NAIZ

15 kilometroko proba 39. postuan bukatzeak, «50 kilometrokorako animatzen» du Rojo

Imanol Rojo iraupen eskiatzaileak 39. postuan bukatu du estilo klasikoko 15 kilometroko lasterketa. Inoiz Estatu espainoleko kirolari batek modalitate honetan lorturiko marka onena da. Hilaren 19an bere espezialitate den 50 kilometrokoan lehiatuko da. Manex Salsamendik 90. postuan bukatu du. 

Imanol Rojo iraupen eskiatzailea Zhangjiakou-en lehiatu den 15 kilometroetako proban.
Imanol Rojo iraupen eskiatzailea Zhangjiakou-en lehiatu den 15 kilometroetako proban. (COE)

Livo Niskasen finlandiarrak irabazi du urrezko domina estilo klasikoko 15 kilometroko lasterketan, 37:54.8 minutuko denborarekin. Imanol Rojo iraupen eskiatzaile tolosarra, 39. postuan helmugaratu da Zhangjiakou-en lehiatutako proban eta Estatu espainoleko marka onena ezarri du. Orain arte, modalitate honetan Josep Giroren 45. postua zen onena eta gipuzkoarrak, ondu egin du marka. 

Niskasen finlandiarrarekin batera, Alexander Bolshunov (+23.2) eta Johannes Hoesflot Klaebok osatu dute modalitate honetako podiuma, zilarrezko domina eta brontzezkoa kolkoratuz, hurrenez hurren. Niskansenek bere hirugarren urre olinpikoa irabazi du: Sochin taldekako abiadura lasterketan nagusitu zen eta Pyeongchangen, 50 kilometroko proban. 

Manex Salsamendi Silva nafarra ere, Brasilgo selekzioarekin lehian, onena ematen saiatu da gaurko egunean. Bere lehen Jokoetan parte hartzen ari den 19 urteko eskiatzaileak 90. postuan amaitu du, 50:35.1eko denborarekin txapeldunarengandik 12:40.3 minutura iritsita helmugara. 

Imanol Rojok «egindakoarekin oso pozik» bukatu du, Espainiako Batzorde Olinpikoari adierazi legez. «Sentsazio onak izan ditut 10. kilometroraino, energia amaitu zaidan arte. Uste baino azkarrago hasi naiz, horrek erre egin nau pixka bat, baina onena da fisikoki ondo nagoela eta distantzia luzeetan askoz hobeto noala. Kontuan izan behar da ez dela nire distantziarik gustukoena, baina nire emaitzarik onena da, hala ere», azaldu du Basque Team Fundazioko bekadunak. 

Imanol Rojo, hain zuzen ere, 50 kilometroko probara begira jarri da jada, bere gustokoena. Hilaren 19an lehiatuko da bertan eta 20 onenen artean bukatzea du helburu. Bere markarik onena Obersdoorf-eko Munduko txapelketan erdietsi zuen, 18. postuan bukatuz. 

«50 kilometrokorako animatzen nau, hori baita benetan helburu nagusia Joko hauetan», onartu du tolosarrak. «Gaur nola egon naizen ikusita, ondo egitea espero dut. Hurrengo lasterketarako helburua ondo irtetea da, horri eustea eta gero postuak igotzea proba aurrera joan ahala. Nire helburua 17. postua gainditzea da, baina batez ere 30 kilometrokoan lortutako emaitza hobetzea. Ikusiko dugu nola errekuperatzen naizen eta fisikoki ondo iristen naizen, orain arte bezala», gaineratu du Rojok.

Tolosarraren hirugarren lasterketa izango da, Pekingo debuta 30 kilometroko eskiatlon lasterketan egin baitzuen. Bertan, 21. postuan bukatu zuen eta Olinpiar Jokoetako bere marka ondu zuen. Orduan, Pekingo lehendabiziko lasterketa izanik, «oso pozik» agertu zen eskiatzailea.