Bada futbola aldarte bat dela dioen esaldi famatu bat, bada, pilotaz ere gauza bera esan daitekeela berretsi da bart gaueko Idiazabalgo pilotalekuan. Hasieran gorabeheraren bat izan bazuten ere, indartsu heldu dira Altuna III.a-Martija lehen fase honetarako azken aldera, gero eta bikote sendoagoa osatzen dute amezketarrak eta Etxeberrikoak eta lehen bi postuetan amaitzeko aurrera pauso handia eman dute, egungo txapeldun ordeei uste baino askoz errazago gailenduta. Hala ere, oso da posible azken jardunaldian Laso-Imazi irabazi beharra izatea. Peña-Albisuren kasua, ordea, txanpon beraren beste aldea litzateke, bururik altxa ezinda dabiltza azkenaldian eta oraintxe azken bi postu horietatik ihes egin nahian dabiltzan beste bikoteek dituzten partida zailak dira euren esperantzarik sendoena, euren jokoak ez du eta beste askorako ematen.
Ideia nagusi batekin kantxaratu dira Baikokoak, hasieran behintzat partidari nola edo hala eustea, baina Peñaren sake batekin lehen tantoa eurentzat izan bada ere, konturatzerako partidak ihes egina zien esku artetik (1-18). Edozein bikote kolpez azpiratzeko dohainak dituzte gipuzkoarrek, baina gaurkoan ez dira aurkariak erasotzeko gai izan ia partida guztian eta alarma gorri guztiak piztuta dituztela helduko dira azken jardunaldira.
Altunak nahi izan duenera jokatu dute denek
Hasiera hasieratik Jokin Altuna izan da partidaren agintea hartu duena. Pilota bikain mugitu du amezketarrak, alderik alde eta baita atzera luze jota ere eta gero errematean berezkoa duen sena erakutsi du, denera 12 tanto egin eta alerik galdu gabe. Gainera, Martijarekin osatzen duen bikotearen makineriak gero eta hobeto funtzionatze du, orain arte ez bezala keinuekin ere mina egiten ari da Jokin Altuna eta Julen Martijak ere bikain lagundu dio, alerik galdu ez eta Albisuri bizkarra ikusi gabe.
Euren zalantzetan galduta, urdinek ez dute partida erabat hautsita zegoen arte inolako erreakziorako ahalmenik erakutsi eta partida aitaren batean amaitu da. Bere txarrean, azken txanpan markagailua zertxobait txukuntzeko gai izan dira Peña eta Albisu, kontsolamendu eskasa inondik inora.
FITXA TEKNIKOA:
Altuna II.a-Martija: 22
Peña II.a-Albisu: 8
Pilotakadak: 358. Iraupena: 40,35 minutu. Markagailua: 0-1, 18-1, 18-4, 21-4, 21-8 eta 22-8. Sakeak: 2 Altuna III.ak eta 1 Peñak. Egindako tantoak: 12 Altuna III.ak, 0 Martijak, 4 Peña II.ak eta 2 Albisuk. Galdutakoak: 0 Altuna III.ak, 1 Martijak, 5 Peña II.ak eta 3 Albisuk. Gorabeherak: Sal zitezkeen sarrera guztiak salduta Idiazabalgo Igarondo pilotalekuan.