NAIZ

Madrilen «ez dago eragindako kaltea onartzeko borondaterik», egiaztatu du Foro Sozialak

Urteroko batzarra egin du larunbat honetan Foro Sozial Iraunkorrak. Biktima guztientzako aitortza du lehentasun urte honetan eta testinguru honetan kezka azaldu du espainiar Estatua eta Gobernuaren jarrera dela eta.

Foro Sozialaren urteko bilkura, larunbat honetan Andoainen.
Foro Sozialaren urteko bilkura, larunbat honetan Andoainen. (Andoni Canellada | Foku)

Foro Sozial Iraunkorrak urteko batzarra burutu du gaur larunbatean Andoainen. Presentzialki edo telematikoki parte hartuz, Foroa osatzen duten 16 erakundek eta bere izenean aritzen diren pertsona gehienek hartu dute parte. Aurretik aipatu zuen bezala, aurtengo helburu nagusia indarkeria guztiak onartuak izan daitezen aurrera egitea da, eta horri begira Egiaren Batzordea eta balizko beste zenbait tresnen inguruko hausnarketa egin du.

«Ustekabean Topo–Diálogos improbables» izeneko saioak baliatuz eta beste hainbat esperientzietan sakondu ostean, zenbait ondorio aurkeztu ditu Foroak. Besteak beste, «Egiaren Batzordea, funtzionatu duen tokian, biktimentzako elementu sendagarri gisa erabili da, egia, justizia eta erreparaziorako duten eskubidea bermatze aldera. Eta hala izan da, batez ere, justiziarik lortuko ez dutela dakiten biktimen artean, zeinentzat egia da euren mina sendatzeko elementu nagusia. Hau da, kasu horietan, Egiaren Batzordea jasandako kaltea aitortzeko tresna da».

Galdera luzatu du honen harira: «Erabili daiteke tresna hori euskal kasurako?». Eta erantzun hau eman dio: «Eusko Legebiltzarreko bi alderdi politikok erabili beharreko tresnatzat hartu duten arren, jakin badakigu Egiaren Batzordeak oraindik ez dituela lortu aurrera egiteko behar diren adostasunak, ez instituzionalak ez politikoak».

«Hala ere, gizarte bezala, biktimei egiarako duten eskubidea ukatzea ezin dugu onartu –erantsi du Foroak–. Inoiz argitu ez diren, inoiz ikertu ez diren edo ondorio penalik izan ez duten giza eskubideen urraketak argitzea beharrezkoa eta premiazkoa da. Kasu guzti hauentzat espetxeratzearen alternatibak bilatu beharko lirateke, nazioarteko parametroen barruan».

Honen harira, egiaztatu du «ETAren biktimen elkarteak bide judiziala bultzatzen ari direla, argitu gabeko kasu batzuetarako». Baina aldi berean, «Estatuaren biktimen kasuan, onartu behar dugu bide judiziala jadanik hilda dagoela. Ez dago inolako borondaterik botere judizial eta polizialetan, eta are larriagoa dena, ezta Estatuan eta Espainiako Gobernuan ere, eragindako kaltea onartzeko».

Bideen artean, Sekretu Ofizialaren Legea

Honek sortzen duen «frustrazio izugarria» aipatu du Foro Sozialak. Eta Egiaren Batzorde bat posible egiteko baldintzak bildu bitartean, «beste mekanismo batzuetan sakontzea gomendatzen dugu, hala nola, behaketa-misioetan, ikerketa-batzordeetan edo erakunde desberdinek egiten dituzten txosten ofizialetan. Horretarako, Sekretu Ofizialen Legearen giltzarrapoa ireki behar da», nabarmendu du.

«Urrats horiei esker, bide honetan aurrera egiten ahalbidetuko litzateke, biktima guztiek egia jakiteko aukera izan dezaten eta beren mina sendatzeko bidean aurrera egin dezaten. Bitartean, eztabaida elikatzen jarraituko dugu etorkizunean Egiaren Batzorde bat berme guztiekin abian jarri ahal izateko beharrezkoak diren adostasunak lortzeko», adierazi du Foro Sozialak bilkura honen ondoren.