NAIZ

Gipuzkoa Basketek eraman du Iraurgiren aurkako Urrezko LEBeko derbia (80-70)

Giro aparta egon den derbian, donostiarrak aurretik joan dira markagailuan partida osoan zehar, baina azpeitiarrek 1-9ko partzial bat lortu dute 75-65koa jartzeko. Etxekoei ez die garaipenak ihes egin.

Giro polita eta partida ona bizi izan dira igande honetan Illunben GBC eta Iraurgiren arteko derbian.
Giro polita eta partida ona bizi izan dira igande honetan Illunben GBC eta Iraurgiren arteko derbian. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Arraroa bada ere, Urrezko LEBeko gipuzkoar derbi bat bizi izan dute igande honetan eguerdian Gipuzkoa Basket eta Iraurgiko zaleek Illunben. Garaipena etxean geratu da, baina azpeitiarrek beldur pixka bat ere sartu diete gorputzean donostiarrei azken laurdenean (80-70).

Derbi askotan gertatzen den bezalaxe, bi taldeen erasoetan zehaztasunik gabe hasi da partida. Hori bai, etxekoak izan dira lehen abantaila hartu dutenek Oroz, Motos eta Steinarsson saskiratzeei esker (7-2, 3. minutua). Abantailak 12 puntura alde egin du Delasen saskiraketen ondoren (18-6, 7. min) eta lehen laurdena Iraurgiren saskiratze baten ondoren amaitu da (23-15).

Kanpokoek ondo hasi dute bigarren laurdena, lau puntura hurbilduta eta ondoren hirura (30-27). Baina etxekoek beste martxa bat sartu diote neurketari eta Simmons protagonista izan da bere saskiratzeekin. 7 punturekin jarraian 10 puntuko aldea jari du berriro, 37-27 (15. min), eta bi hiruko gehiago sartu ditu (13 puntu bigarren laurdenean) markagailuan abantailarik handiena jartzeko (49-33, 19. minutua). Atsedenaldira 15 puntuko aldearekin joan da GBC (51-36).

Aldageletatik bueltan egoera ez da asko aldatu. Donostiarrek abantaila handitu dute Simons, Ander eta Proletaren ekarpenekin (54-36 eta 69-49), eta azken laurdena 69-51ko emaitzarekin hasi dute.

Azpeitiarrek ez dute burua makurtu eta azken laurdenean ahal zuten guztiarekin atera dira. Hala, 1-9ko partzial bat lortu dute donostiarrei presioa egiteko (75-65, 37. min.). Delasek arnasa eman dio GBCri bere saskiratzeekin, baina Iraurgik 2+1eko batekin erantzun dio eta 9ra jaitsi du aldea (77-68, 38. min). Baina Steinarssonek, jaurtiketa libretik, erabaki du azkenean partida (80-70).