Jon Ormazabal

Inoizko Binakakorik orekatuenaren mataza askatzeko pista eta gakoak

Altuna-Martija eta Irribarria-Rezusta dira finalerdietara zuzenean sartzeko besteen emaitzen zain egon beharrik gabe, euren partidak irabazita aurrera egiteko aukera duten bakarrak. Azpian Ezkurdia-Tolosa dira, irabazita, azken bi postuei ihes egingo lioketenak.

Xabi Tolosa eta Jon Mariezkurrenaren esperantzak erabat irauli ziren larubateko partidan.
Xabi Tolosa eta Jon Mariezkurrenaren esperantzak erabat irauli ziren larubateko partidan. (Iñigo URIZ/FOKU)

Binakakoaren aurkezpen egunean enpresetako ordezkariek «berdintasunaren» eta «orekaren» txapelketa aurkeztu zutenean, eurek ere ez zuten esperoko 13 aste beranduago ez zela aurrera egiteko aukerarik gabeko bikoterik izango eta lehen fase honetako azken jardunaldiko partida guztiek berebiziko garrantzia izango zutenik. Alde horretatik aitzakiarik gabeko lehiaketa antolatu dutela onartu behar, nahiz eta azken urteetako joerari eutsiz, Aspek nagusitasuna izaten jarraitzen duen. Momentuz, finalerdietara zuzenean joango diren bi bikoteak eurenak izango dira eta kanporatuta geratzen diren biak Baikokoak izatea ere oso da posible. Azter ditzagun azken jardunaldi zirraragarri honetako aukerak:

Altuna-Martija
Elezkano eta Zabaletari jokatutako bi partidak irabazita, gauzak argien dituen bikotea da. Finalerdietan izango dira igandean Eibarren Laso-Imazi irabazteko gai badira. Are gehiago, partida hori jokatu aurretik ere sailkatuta izango dira egungo txapeldunak ostiralean Azkoitian Jaka-Mariezkurrenari irabazteko gai ez badira.

Irribarria-Rezusta
2017ko txapeldunek ere euren esku dute zuzeneko finalerdietarako txartela eskuratzea. Horretarako biderik motzena larunbatean Peña-Albisuri irabaztea litzateke. Galduz gero, bada beste zeharkako bide bat ere, horretarako Elezkano eta Zabaletak euren partida irabazi beharko lukete eta Altuna-Martijak eurena galdu, beti ere 22-1eko emaitzarekin ez bada.

Elezkano-Zabaleta
Aste askotan erabat agindu duten arren, azken jardunaldi honetara besteen emaitzei begira direla heldu dira. Finalerdietara sartzeko Jaka-Mariezkurrenari Azkoitian irabazi behar diete eta gero Irribarria-Rezustak edo Altuna-Martijak, bietarikoen batek, euren partida galtzea.

Laso-Imaz
Igandeko Tafallako porrotak min handia egin die eta ia ezinezkoa dute zuzenean aurrera egitea. Igandeko Eibarko partidan 22-1 irabazi behar diete Altuna eta Martijari, lesiorik izan ezean ezinezkoa dirudien zerbait, eta gainera Irribarria-Rezustak eurena galdu eta Elezkano-Zabaletak eurena irabaztea. Handiak ikusiak gaude, baina horren handiak…

Peña-Albisu
Euren bidea zein den argi duen bikote bakarra da iazko azpi txapeldunena. Play-offa jokatu beharko dute eta euren zalantza bakarra kanporaketa hau Donostian –hilaren 25ean hirugarrenen aurka– edo Gasteizen –hilaren 27an laugarren sailkatuen aurka– jokatuko duten da.

Ezkurdia-Tolosa
Txapelketa guztia sailkapenaren zuloan eman eta gero, euren eskura dute play-offa jokatzea eta horretarako baldintza bakarra bete behar dute, larunbatean Zallan Urrutikoetxea-Aranguren aurkari zuzenei irabaztea.

Jaka-Mariezkurrena
Gauzak beltzen dituen bikotea litzateke. Aurrera egiteko hiru baldintza hauek bete beharko lirateke; Elezkano-Zabaletari irabazi behar diete ostiralean Azkoitian, Urrutikoetxea-Arangurenek Ezkurdia-Tolosari irabaztea eta Peña-Albisu Irribarria-Rezustari gailentzea. Hiruretako bat betetzen ez bada kanpoan daude.

Urrutikoetxea-Aranguren
Zaratamokoak eta aginarrak ere ez dituzte gauzak euren esku, baina gutxienez bi dira txartela emango liekeen konbinazioak. Bietan Ezkurdia-Tolosari irabaztea ezinbesteko faktorea da. Lehen aukeran, aurrera egiteko Jaka-Mariezkurrenak euren partida galtzea nahikoa lukete. Hala ez balitz, hau da, euren enpresa-kideak Elezkano-Zabaletari Gurea pilotalekuan irabazteko gai balira. Peña II.a-Albisuk Irribarria-Rezustaren aurka galdu beharko lukete.