Eli Cesareo piboteak Bera Bera utziko du denboraldi amaieran. Prentsaurrekoan ez du aurreratu zein taldetara joango den –«beste liga batera», esan du– baina ordu batzuk beranduago, sare sozialen bitartez, zehaztu du Frantziako ligako Dijon taldean jokatuko duela datorren denboraldian.
Aula Valladoliden bi sasoi egin ostean fitxatu zuen klub gipuzkoarrak eta, aurtengoarekin, hiru denboraldi egingo ditu Donostian. Bera Beran jokatzeko aukera izateagatik «oso pozik» dagoela onartu du astearte honetan emandako prentsaurrekoan, «Ohorezko Mailan jokatzeko aukera daukazula kontziente zarela, gehienon nahia da Bera Berara iristea. Erreferente da, eredu maila askotan».
Hala, esker hitzak besterik ez ditu eduki Sant Joan Despin jaiotako piboteak, bai Tati Garmendiarentzako –hunkitu ere egin da taldeko arduraduna– bai entrenatzaile Imanol Alvarezentzat, talde tekniko osoarentzat, Nerea Uranga fisioterapeutarentzat –«eskumuturreko lesioarekin laguntzeagatik»–, zein zaletu eta prentsarentzat ere.
«Donostian oso zoriontsu» izan dela onartu du, pertsona zoragarriak ezagutu dituelako, «hain onak diren taldekideekin pista partekatu» duelako. «Miresgarria izan da», nabarmendu du.
Era berean, «beste liga batera» joateagatik ere «oso pozik» dagoela onartu du, egun Espainiako ligarekin alderatzea oso zaila delako, «zoritxarrez». Hala, «gehiago lehiatu eta jokalari moduan hazteko» hartu du «erabaki egokia», zaila egin zaiola onartuta. Etorkizun baterako, gertukoa edo urrunekoa izan, ez du Bera Beraren atea itxi nahi izan.
Denboraldia bukatu baino hiruzpalau hilabete lehenago iragarri badu ere, ohartarazi du oraindik «asko geratzen dela» eta helburu oso garrantzitsuak dituela taldeak: liga eta Kopa. Kopa gainera etxean jokatzen da, Donostian, Illunben, eta Cesareok argi dauka garaikur hori altxatuta utzi nahi duela Bera Bera: «Taldekideei argi esan diet, Kopa irabazi behar dugula, etorri nintzenetik ez dugula irabazi eta ezin litekeela “Kopen taldea” izan den Bera Beratik Koparik gabe ateratzea. Beraz, arantza hori kendu nahi dut».
«Bera Bera klub bat baino gehiago» dela esatean ez du zalantzarik eduki. Asko hazi dela azpimarratu du, kirolari moduan baina baita pertsonalki ere. Nabarmendu du eskumuturrean min hartu eta errekuperazio prozesu osoan, ez dela inoiz bakarrik sentitu, «eta hori oso garrantzitsua da».
Punta-puntako jokalarien galera
Eli Cesareoren prentsaurrekoan, Tati Garmendia Bera Bera eskubaloi taldeko arduraduna ere egon da eta donostiarrak onartu du «taldean garrantzia duen jokalaria» dela eta beraz, pisuzko baja bat izango dela hurrengo denboraldira begira. Taldea berriro lehiakorra izan dadin, lan egin beharko duela ez du zalantza egin.
Urtetik urtera gertatzen diren kontuak direla laburbildu nahi izan du Garmendiak eta kontziente da Europan hain ondo lehiatu izana «erakusleiho» izan dela; are gehiago, Cesareoren kasuan, Espainiako selekzioarekin Europako eta Munduko txapelketak jokatu dituenez, are gehiago eman da ezagutzera nazioartean.
Urtez urte punta-puntako jokalariak Bera Beran geratzea zailtzen ari da eta jakitun da Garmendia. Uste du kirolariek urtetik urtera gehiago nahi dutela eta egun, ezin dutela hori bilatu Ohorezko Mailan, beste liga batzuk lehiakorragoak direlako. «Dena den, badirudi hemendik atera egin behar direla, hori dela hurrengo urratsa, eta jokalari batzuk ez daude prest nazioartera jauzi egiteko», ñabartu nahi izan du.
Iritzi du Bera Bera saiatzen dela jokalarientzat proiektu erakargarri bat osatzen baina oro har, txapelketa bera sustatu behar delakoan dago. Horretarako, noski, «kluba ez da erantzule bakarra; babesle, Estatu, gizarte eta Federazioaren laguntza ezinbestekoa da».