NAIZ

Mantentze-teknikariak, ingeniariak eta osasun langileak, gehien eskatzen diren profilak

Hego Euskal Herriko enpresek gehien bilatzen dituzten langileen profil profesionalak ingeniariak, mantentze-teknikariak eta osasun langileak dira, Adeccok argitaratu duen txosten baten arabera.

Iruñeko automozio sektoreko Volkswagen enpresa.
Iruñeko automozio sektoreko Volkswagen enpresa. (Iñigo URIZ | FOKU)

Adeccok, giza baliabideen kudeaketan espezializatutako enpresak, asteazken honetan argitaratu duen ‘Informe Adecco sobre Perfiles más demandados’ txostenak dioenaren arabera, Hego Euskal Herriko profil profesional bilatuenak ingeniariak, osasun langileak eta mantentze-teknikariak dira.

EAEn zazpi sektore dira langile kualifikatu falta nabariena dutenak: automozioa, industria, zerbitzuak, logistika eta garraioa, banaketa eta erretaila, trenbideen eraikuntza eta osasuna.

Automozio eta industrian antzeko profilak eskatzen dituzte: ingeniariak, mantentze-teknikariak, ofizialak, fresatzaileak, galdaragileak, kableatzaile elektrikoak eta tolestaileak, besteak beste. Industria eta automozio sektorean hainbeste profilen eskaria bi arrazoien nahasketagatik dagoela deritzo Adeccok: alde batetik, «profesional kualifikatuen faltagatik» eta, bestetik, «soldata arrazoiengatik enpresa batetik besterako mugikortasun altuagatik».

Zerbitzuen sektorean, ostera, administrariak eta telefonistak bilatzen dituzte batik bat. Ildo honetatik, Addecok ohartarazi du administrarientzat, sarritan, «handicap» bat dela ama hizkuntzaz gain beste hizkuntza batzuk ez menperatzea.

Gero, pandemiak eragindako osasun krisiaren testuinguruan, EAEko osasun sektorean lehen arretako medikuak, erizainak, erizain laguntzaileak eta laborategietako teknikariak bilatzen dituztela ondorioztatu du Adeccok.

Bitartean, logistika eta garraioan «titulu ofizialak dituzten» banatzaileak, eskorgalariak eta apal-hornitzaileen profilak eskatzen dituzte gehien eta, trenbideen eraikuntzan, aldiz, sektore horretan espezializatutako profesionalak nahi dituzte kontratatzaileek.

Nafarroan, bere aldetik, lau sektoretan eskatzen dituzte profesional gehien: banaketa eta logistikan, energian, elikagaietan eta automozioan. Automozioaren sektorean, zeinak Nafarroaren BPGaren %25 suposatzen duen, EAEn eskatzen dituzten profil berdinak eskatzen dituzte: ingeniariak, mekanizazioko eta estanpazioko langileak eta mantentze- teknikariak, besteak beste.

Elikagaien arloan, elikagaien manipulazio teknikariak eta produkzio langileak bilatzen dituzte gehien enpresek. Energian, ostera, ingeniariak, muntatzaileak eta teknikari espezializatuak dira lan eskaintza gehien dituzten profilak eta, banaketa eta logistikan, aldiz, tituludun beharginak bilatzen dituzte, Hego Euskal Herriko gainerako lurraldeetan bezala.

Lanbide Heziketa

«Oraindik ere agerikoa da lan eskaintza eta eskaria ezkontzeko zailtasuna», azaldu du Adeccok. Segidan, zenbait sektoretako, industria kasu, hautagai espezializatuak bilatzea «bereziki nekeza» dela ebatzi du giza baliabideen kudeaketan espezializatutako enpresak.

Horregatik, Adeccok ohartarazi du Lanbide Heziketak eskaria baino «askoz eskaintza urriagoa» duela: «Jada, lan eskaintzetan lanbide heziketako profesional gehiago eskatzen dituzte unibertsitate tituludunak baino».