NAIZ

78 ontzik parte hartuko dute larunbat honetan Oriaren 28. Traineru Jaitsieran

Zortzi ontzi Herrialde Katalanetatik etorritako «llagut»-ak izango dira, bost traineru jubenilenak eta 22 beteranoek osatutakoak. Seniorretan, emakumezkoek osatutako 17 traineru lehiatuko dira, eta gizonezkoen 26 ontzik. Jende pilaketak saihesteko, hiru tokitatik ureratuko dituzte traineruak.

Josu Esnaola Orio AEko presidentea eta Anuska Esnal herriko alkatea –biak erdian–, ostegun honetan aukeztu dute Oriaren 28. Traineru Jaitsiera.
Josu Esnaola Orio AEko presidentea eta Anuska Esnal herriko alkatea –biak erdian–, ostegun honetan aukeztu dute Oriaren 28. Traineru Jaitsiera. (ORIO ARRAUNKETA ELKARTEA)

Traineru denboraldiko Liga garrantzitsuenak hasteko –Eusko Label eta Euskotren Ligak, esaterako– oraindik hilabete batzuk falta dira, baina Oriako Jaitsiera entzuten denean, lehia hasteko gertuago dagoela somatzen da eta lehen testa bezala erabil daiteke proba hau.

Ostegun honetan Oriaren 28. Traineru Jaitsiera aurkeztu dute Orioko Arraunetxen Josu Esnaola Orio Arraunketa Elkarteko presidenteak eta Anuska Esnal herriko alkateak emandako prentsaurrekoan. Larunbatean jokatuko da proba, 16.30etik aurrera, eta bertan 78 ontzi eta 1.000tik gora arraunlari arituko dira lanean.

Josu Esnaolak dierazi duenez, «zortzi ontzi Herrialde Katalanetatik etorritako llagut-ak izango dira, bost traineru jubenilenak eta 22 beteranoek osatutakoak. Seniorrei dagokienez, emakumezkoek osatutako 17 traineruk egingo dute arraunean, eta gizonezkoen 26 ontzik».

Zentzu honetan, aipatzekoa da izurriaren ondorioz iaz beteranoei parte hartzeko ezezkoa eman zitzaiela. Baina, «aurten, zorionez, egoerak ahalbidetu du izen ematea denei irekitzea», azaldu du Esnaolak.

Seniorren artean, bi bandera izango dira jokoan: nesken artekoa bata eta mutilen artekoa bestea. Berezitasun modura, Malagako (Andaluzia, Espainia) estropalariek aterako duten ontzi bat egongo dela azpimarratu du Orio AEko presidenteak. Gainera, Bilboko arraunlariekin osatuko duten txalupa inklusibo batek ere parte hartuko du jaitsieran. «Gainontzekoek baino 15 minutu lehenago hasiko dute estropada, helmugara ailegatzeko behar duten denbora izan dezaten», azaldu du Esnaolak.

Antolakuntzak bi ibilbide egokituko ditu estropadarako. Senior mailako mutilek 6.000 metro egingo dituzte arraunean, Mapiletik abiatu eta herriraino. Gainontzekoentzat, berriz, ibilbideak 4.000 metro izango ditu, eta Sarikolatik aterako dira.

Iaz jokatutako edizioan, Arraun Lagunak, emakumezko seniorretan, eta Hondarribia, gizonezkoetan, nagusitu ziren Oriaren jaitsierako erlojupekoan.

Azkenik, Esnaolak arduraz jokatzeko eskaera ere egin die arraunzaleei, pandemiak sortutako osasun krisiak indarrean jarraitzen duelako. «Parte hartzaile kopurua handia denez, hiru tokitatik botako dituzte traineruak uretara, jende pilaketak ekiditeko: Zarauzko Arraun Elkartearen arranplatik, Eturatik eta Arraunetxetik», azaldu du.