Joseba Salbador Goikoetxea
Interview
Garazi Otegi, Patxi Etxeberria eta Rosa Matilla
Donostiako Parte Zaharreko ostalariak

«Besteen gabeziak guk ordaindu ditugu»

Pandemia hasi zenetik bi urte beteko dira laster eta ostalariek azken momentura arte pairatu dituzte murrizketak. Orain argia ikusten hasi badira ere, ziurgabetasun handiko 24 hilabete izan dira, eta psikologikoki oso nekatuta daude. Beren sentsazioa da beraiek ordaindu dituztela besteen gabeziak.

Garazi Otegi, Patxi Etxeberria eta Rosa Matilla, barraren atzean.
Garazi Otegi, Patxi Etxeberria eta Rosa Matilla, barraren atzean. (J.S.)

Gipuzkoako Ostalaritza Elkarteak emandako datuen arabera, 2021. urtean sektoreak hamabi astetan bakarrik lan egin ahal izan zuen murrizketarik gabe (urritik abendura). Eguberrietatik aurrera egoerak berriro okerrera egin zuen eta aste honetan neurriak indargabetu badira ere, tabernari asko kinka larrian geratu dira eta batzuek pertsiana itxi behar izan dute betiko.

Une honetan bizi duten egoera gertutik ezagutzeko Donostiako Parte Zaharreko hiru tabernarirekin elkartu gara: Garazi Otegi (Cubi taberna), Patxi Etxeberria (Aurresku) eta Rosa Matilla (Hamabost taberna). Hirurak SOS Ostalaritza elkarteko kideak dira eta bat datoz oso gaizki pasatu dutela esaterakoan. Kontuan hartu behar da, gainera, Eguberriak eta San Sebastian eguna festarik gabe pasatu dituztela.   

«Ni behartuta bezala etortzen nintzen tabernara, ilusiorik gabe», esan du Garazi Otegik. «Hasierako urteetan nuen ilusio guztia galdu nuen, alderdi guztietatik kolpeak besterik ez genituelako jasotzen».

Eta ez da gutxiagorako. Hiru urte dira Aldamar kaleko Cubi taberna hartu zuela eta horietatik bi pandemia egoeran pasatu ditu: konfinamenduko itxierak, ordutegi murrizketak, edukiera murrizketak, covid pasaportea eskatu beharra…
Rosa Matillak urte gehiago daramatza Konstituzio plazako tabernarekin (hamahiru urte), baina bat dator Garazirekin. «Psikologikoki min handia egin digu egoera honek eta, ez gure negozioan bakarrik, familian ere eragin zuzena izan du».

Baldintza gogorrak

Tabernari askori terrazak salbatu die urtea, baina badira hainbat kasu terraza jarri ezin dutenak. Eta jarrita ere, atenditu ezin dutenak. «Ni adibidez bakarrik ari naiz lanean eta ezin izan dut beste soldata bat ordaindu terraza atenditzeko. Hortaz, nahiago izan dut terrazarik gabe egon eta gutxiago irabazi», azaldu du Garazik.

Ordutegi murrizketek ere kalte handia egin diete, batez ere gauean lan egiten dutenei; Aurresku eta Hamabost tabernak, horien artean. Rosa Matillak azaldu duenez, «jatetxe batetik gauerdian ateratzen bazinen eta tabernak ordu batean itxita egon behar bazuen, 00.30 arte bakarrik zenuen zerbait hartzeko denbora. Beraz, ez dugu lan egiteko marjinarik izan».

Taberna barruko edukiera  murrizketak ere asko baldintzatu ditu negozioak. «Taberna txikia dugunon kasuetan ia ezinezkoa izan da lan egitea; alde batetik, aforoa %60koa zelako eta barran zutik ezin zitekeelako kontsumitu. Beraz, mahaietan zortzi pertsona bazeuden, ezin zen inor gehiago sartu», esan du Cubi tabernako nagusiak.

Hori aski ez balitz, «polizia lanak» egitera behartu izana salatu du, «covid pasaportea eskatzen ibili behar izan dugulako».

Dirulaguntzak, berandu

Ostalarien egoera arintzeko eman diren dirulaguntzen inguruan, hiru tabernariek onartzen dute laguntzak jaso dituztela baina, beren iritziz, ez dira nahikoak izan galera guztiak ordaintzeko eta, gainera, oso berandu iritsi dira.

Patxi Etxeberriak dioenez, «negozioa hilda dagoenean alferrikakoa da dirua jasotzea. Murrizketak jarri ziren momentuan bertan jarri behar zituzten dirulaguntzak, eta hori ez dute egin. Prebisio falta izugarria izan da. Pandemia hasieran ulertu zitekeen, baina bi urtera ezin da onartu».

Garazi Otegik Alemaniako kasua ekartzen du gogora. «Han tabernariak ixtera behartu zituzten momentuan esan zieten aurreko urteko irabazien %70 emango zietela. Aizu –jarraitu du–, ba etxean egonda ere, lasaitasun ederrarekin egongo ginatekeen jakinda bizitzeko diru-iturri bat izango genuela!».

Bestalde, laguntzak jasotzeko jarri dituzten baldintzak ere gogor salatu ditu tabernari talde honek. Alde batetik, zerga guztiak eguneratuta izan behar direla nabarmendu dute. «Gizarte segurantzarekin edo Ogasunarekin ez baduzu dena garbi, ez dizute laguntzarik ematen. Baina lanik egin gabe, nondik aterako genuen ba dirua?», galdetu du Hamabost tabernako nagusiak.

Bestetik, laguntzak jaso ahal izateko, maileguak eskatu izana frogatu behar dela salatzen dute. «Eta gure aurrezkiak gastatu edota familiari dirua eskatu diogunak?», bota du Garazi Otegik.

Azkenik, dirulaguntza eskatzeko, negozioa zabalik mantentzeko konpromisoa erakutsi beharra salatu dute. «Lehenik, lau hilabeteko epea jarri zuten; orain, sei hilabetekoa. Nik ez dakit gai izango naizen bi hilabete ere aguantatzeko; hortaz, ez noa laguntza eskatzera ere», azaldu Otegik.

Injustizia sentsazioa

Bi urteko ibilbide nekagarri honen ondoren, tabernariek duten sentsazioa da beraiek ordaindu dituztela besteen gabeziak. «Hemen argi geratu dena da bai Gasteizko eta bai Madrilgo gobernuek ez dituztela beraien eginbeharrak bete eta ‘sálvese quien pueda’ egin dutela», esan du Patxi Etxeberriak. «Horren ordez, hainbat murrizketa jartzea erabaki dute, eta ostalaritza izan da kaltetuenetako bat».

Izan ere, beste sektore batzuekin alderatuta, murrizketa handienak pairatu dituztenak beraiek izan direla salatzen dute. «Lehenengo momentutik ostalaritzari egurra eman diote, guztiaren errudun izango bagina bezala. Baina errealitateak demostratu du hori ez dela hala izan», esan du Garazi Otegik.

Horrela, tabernari hauek oso haserre daude beste sektoreetan gertatu denarekin. «Gure tabernan langile bat gaixotzen baldin bazen, hamar egunez itxi behar genuen. Baina langile hori lantegi batean edo komertzio batean gaixotzen bazen, inori ez zitzaion lantokia ixtea bururatzen».

Azken hilabeteetan haur eta gazteen artean izan den kutsatze gorakadak ere argi uzten du, Rosa Matillaren iritziz, arazoa ez dela tabernetan egon. «Azken bolada honetan kutsatze gehienak ikastetxeetan gertatu dira, baina ez dituzte itxi. Eta berdin zentro komertzialetan, garraio publikoetan… Zergatik itxi behar izan da ostalaritza?», galdetu du.

Horregatik, hiru tabernariak bat datoz egoera guztiz «injustua» bizi izan dutela. «Onartzen dugu egoera larri batean neurriak hartu behar direla. Eta sektore guztietan hartu izan balira, isilik egongo ginateke, baina arazoa da sektore guztietan ez direla berdin hartu».

Langileen ihesa

Murrizketek ostalaritzan izan duten beste eragin bat, gutxitan aipatu izan dena, langileen ihesarena da. Gipuzkoako Ostalaritza Elkartearen arabera, ostalaritzan dagoen ziurgabetasunak ez du batere erakargarria egiten taberna edo jatetxe batean lan egitea eta azken bi urteotan ehunka langilek ostalaritza utzi eta hain murrizketa zorrotzak ez dituzten beste sektore batzuetara joan dira; adibidez, eraikuntzara, merkataritzara edo garraiora.

Rosa Matilla horren lekuko izan da, pandemia garaian ekiporik gabe geratu baitzen. «Hainbeste ERTErekin, mutilek esan zuten ezin zutela horrela jarraitu eta beste lan batzuk bilatu zituzten, batek erizain bezala eta bestea altzariak eramaten. Soldata bat behar zuten eta beren etorkizuna ostalaritzatik kanpo bilatu behar izan zuten».

Rosak gaineratu duenez, bere tabernan ia langilerik gabe geratu ziren: «Gu izan gara taberna ireki eta itxi dugunak, jairik hartu gabe, eta ezertarako denborarik gabe egon gara».

Egoera horrek ere zailtasun handiak eragin dizkie SOS Ostalaritza elkartea aurrera eramateko. «Horrela oso zaila da beste tabernariekin elkartzeko denbora ateratzea», esan du Rosak.

«Hasieran haserre geunden, gauzak egiteko indarra genuen, baina orain nahiko lan badugu gure negozioa aurrera ateratzeko eta indarrik gabe geratu gara. Oso gogorra izan da», amaitu du Garazi Otegik.