NAIZ

Helburu ezberdinen derbia biziko dute Gernikak eta Ordiziak Urbietan

Sailkapeneko laugarren postutik jauzia egin nahi dute goierritarrek, jakinda gainera jardunaldi honetan Alconbendas-El Salvador lehen bi sailkatuen arteko eta Santboiana-Barça neurketak daudela ikusita. Gernikarrek, aldiz, azken postutik urrundu nahi dute behingoz.

Ordiziak 51-8 irabazi zion Gernikari lehen itzuliko partidan.
Ordiziak 51-8 irabazi zion Gernikari lehen itzuliko partidan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Errugbiko Ohorezko Mailak derbi bat eskainiko digu larunbat honetan Urbietan. 16.30etik aurrera, Grupo Intxausti Gernika eta Ampo Ordizia arituko dira aurrez aurre. Sailkapenari begira, derbia momentu oso ezberdin batean iristen da bi taldeentzat. Etxekoek azken postutik atera nahi duten bitartean, goierritarrek laugarren postutik goragoko jauzia egin lezakete.

Horretarako, Ordiziak garaipena eta puntuak behar ditu. Baina ez hori bakarrik. Gipuzkoarrek jardunaldi honetan beste bi neurketa garrantzitsu daudela aprobetxa dezakete euren intereserako. Alde batetik, Alconbendas-El Salvador, lehen bi sailkatuak, euren artean lehiatuko dira; eta bestetik, Santboiana eta Barça (hirugarrena eta bosgarrena) elkarren kontra arituko dira.

Hori bai, joan den astean Madrilen izandako porrotaren ondoren iritsiko da Ordizia Gernikara, eta goierritarrek badakite Urbietan irabazi nahi bada gogotik egin behar dela lan. Horren adibide da Alcobendas liderrak zelai horretan lortu zuen garaipen estua (10-12).

Bestalde, Kopako finalerako tokia eta data jakinda jokatuko du Ordiziak Gernikan. Final hori Sevillako La Cartuja estadioan jokatuko da apirilaren 30eko eta maiatzaren 1eko asteburuan. Aurreko jardunaldian laugarren taldea sailkatu zen txapelketa horretako finalerdietarako, eta Ampo Ordiziaz gain, Sevillako Ciencias Enerside, Lexus Alcobendas eta Silverstorm El Salvador ere bertan izango dira.

Gernikari dagokionez, Urbieta betetzea –osasuna egoerak ahalbidetzen duen neurrian, behintzat– du helburu. «Euskal derbiak beti dira bereziak, eta oraingo hau ez da ezberdin izango», dio talde bizkaitarrak Twitterreko bere kontuan.

Azken jardunaldian, gernikarrek maila bikaina eskaini zuten VRAC Quesos Entrepinares Ohorezko Mailako oilar baten etxean, baina porrotarekin eta sailkapen nagusiko azken postuarekin itzuli behar izan zuten (18-10).

Oso partida lehiatua jokatu zuten Valladoliden lehen minututik azkenera arte, baina etxekoen kalitatea nabarmendu zen puntuak bertan geratzeko. Lehiakortasun hori ematen ahaleginduko dira larunbat honetan, hori izan baitateke azken postutik ateratzeko formula.