NAIZ

IMQren kliniketako garbitzaileek manifestazio jendetsua egin dute kaleratzeak salatzeko

ELA sindikatuak azaldu duenez, langileek euren eskubideen aldeko mobilizazioak hasi zituzten 2021eko apirilean eta azarorako greba deitu zutenean, IMQk kaleratze kolektiboak iragarri zituen. Otsailaren 22an horren inguruko epaiketa egingo da Bilbon.

IMQko langileak, Bilbon egin duten manifestazioan.
IMQko langileak, Bilbon egin duten manifestazioan. (ELA)

48 egun bete dira IMQ klinikak Zorrozaurre eta Virgen Blanca Bilboko kliniketako garbitzaile guztiak, 90 langile, kaleratzea erabaki zuenetik. Hori dela eta, manifestazio jendetsua egin dute langileek zein ELAko kideek Bilbon, Abandoibarratik Zorrotzaurreko IMQren klinikaraino.

Azaldu dutenez, langile gehienek 10 eta 40 urte bitartean zeramatzaten zentro berean lanean eta horietako batzuk klinikak berak zuzenean kontratatutakoak ziren. Ondoren, zerbitzua azpikontratatzea erabaki zuen IMQk, eta garbiketa enpresa ugari pasa dira geroztik: Garbialdi, UNI2, eta Gizatzen.

«IMQk kaleratzeak egitearen arrazoia oso argia da: euren eskubideak defendatzen dituzten emakume kolektiboa izateagatik bota dituzte. Izan ere, IMQk berak aitortu du garbitzaileak ‘garestiak’ zaizkiola, urte askoan mobilizazioen eta bide judizialaren ondorioz euren lan baldintzak hobetu dituztelako. Ez dezagun ahaztu 2020an IMQ taldeko akziodunek 13 milioi euro baino gehiago banatu zituztela dibidenduetan, eta hala ere, garesti zaie», aipatu du ELAk.

Kolektibo horren azken mobilizazio prozesua iazko apirilean hasi zen, gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunari aurre egiteko, soldata arrakala deuseztatzeko negoziazioa zabaltzea eskatu zuten. Urrian ekin zieten mobilizazioei Zorrozaurre klinikaren aurrean, eta azaroaren 23an greba egingo zutela iragarri zuten. «Hori esan eta bi egunen buruan, urtarrilean kaleratuko zituztela jakin zuten», salatu du sindikatuak.

«IMQk argi eta garbi urratzen ditu langile horien oinarrizko eskubideak, eta askatasun sindikalaren eta grebarako eskubidearen aurka egiten du. Horregatik, datorren asteartean, otsailaren 22an, justizia egitea espero du ELAk EAEko Auzitegi Nagusian, kaleratze kolektiborako aurreikusita dagoen prozeduran», adierazi du.

Azkenik, Idoia Mendiak zuzentzen duen Lan Sailaren jarrera salatu du ELAk, «beste alde batera begiratu baitu». Sindikatuaren esanetan, IMQren kaleratzeen atzean soldata arrakalaren aurkako borroka dago, eta «bizkarra ematen Lan Sailak erakusten du ez duela benetako konpromisorik hartzen soldata arrakala desagerrarazteko».