Asier Aiestaran

Ezkurdiak eta Tolosak play-offerako txartela eskuratu dute Zallan irabazita (22-20)

Aspekoak 9-3 galtzen hasi dira, baina ligaxkan egin duten bidea irudikatuz, bigarren zatian egoerari buelta eman eta garaipena eskuratu dute Urrutikoetxea eta Aranguren txapelketatik kanpo utziz. Labriteko partidan, Peña-Albisuk 14-22 menderatu dituzte Irribarria eta Rezusta.

Joseba Ezkurdia, pilota astintzeko prest, Zallako pilotalekuan
Joseba Ezkurdia, pilota astintzeko prest, Zallako pilotalekuan (Monika DEL VALLE | FOKU)

Ezkurdiak eta Tolosak bizirik jarraitzen dute Binakako Txapelketan. Gaur 20-22 irabazi diete Urrutikoetxea eta Arangureni Zallan eta beraiek eskuratu dute play-offerako txartela eman dien bosgarren puntua. Baikokoek, aldiz, agur esan diote lehiaketari ligaxkako bigarren itzulian garaipen bat bera ere lortu gabe.

Hasieratik nabaritu da neurkerta erabakigarria zela Mimetiz pilotaleku urdinekoa. Lau pilotariak oso lotuta aritu dira lehen pilotakadatik, hutsik ez egiteko helburuarekin, eta jokatzeko modu horrek gorriei egin die mesede. Atzean Aitor Aranguren Xabi Tolosa baino indartsuago aritu da lehen zatian eta aurrean Mikel Urrutikoetxeak ogni baliatu ditu bere aukerak markagailuan aldeak irekitzeko.

Beste munduko ezer egin gabe 9-3 eta 11-4 aurreratu dira gorriak. Tolosak eramateko moduko bi sake goiko koltxoira bidali ditu, eta Ezkurdia batere inspirazio gabe sartu da norgehiagokan. Are gehiago, normalean atzelariari kentzen dizkion pilota txar horietara ere gutxiagotan sartu da.

Baina lehen atsedenaldi luzearen ondoren (12-6koa zen emaitza une horretan) jokoa aldatzen hasi da apurka-apurka. Joseba Ezkurdiak ikusten zuen jokoa aurrean gehiago nahastu beharra zeukala aurkariei min egiteko, eta apurka-apurka bere legea ezartzen hasi da.

Tantaka izan bada ere, jokaldi bikainak sinatzen joan da arbizuarra. Atsedenaldiaren aurretik eginak zituen pare bat horma-biko bikain, eta ondoren beste bizpahiru tanto eder egin ditu pilota txapa gainean moztuz zein dejadaz.

Eta Tolosak ere gora egin du nabarmen, zaila da esatea Ezkurdiak bultzatuta etorri den gorakada hori edo Tolosaren hobekuntzak ekarri duen Ezkurdiaren suspertzea. Pilota aldaketek ere izango zuten eragina ziur asko. Kontua da neurketa lehen aldiz berdintzea lortu dutela 15-15ekoan, Tolosak atzean amaitu duen tanto ikaragarri gogor baten ondoren.

Gorriak oso ikututa zeuden une horretan, eta bazirudien urdinak olatu gainean zihoazela zuzen-zuzenean 22ra. Baina ez, oraindik izerdia majo bota beharra izan dute garaipena lortzeko. Lehen ekinaldian 16-19 aurreratu diren arren, Mikel Urrutikoetxearen bi tantorekin eta Tolosak galdutako pilota batekin markagailua 20-20 berdindu dute gorriek.

Eta une erabakigarrian, kale edo bale egin beharra zegoenean, Joseba Ezkurdia agertu da eta berak erabaki du neurketa bi tanto bikainekin. Lehenik pilota bat txokoan ederki bihurritu du 20-21 aurreratzeko, eta ondoren zabalean bizi luzatutako pilota batekin igoarazi du 20-22koa markagailura.

Ezkurdiaren eta Tolosaren arteko besarkadak argi erakutsi du urdinen poza, une asko eta askotan txapelketatik kanpo zeudela sentitu ostean. Gorriak, aldiz, burumakur joan dira aldageletara, kontrakoa gertatu baitzaie, ligaxkako lehen itzuli oso ona egin ostean bigarrenean erabat amildu dira.

Pilotakadak: 764. Partidaren iraupena: 77 minutu eta 53 segundo. Markagailua: 2-0, 2-1, 3-1, 3-2, 4-2, 4-3, 9-3, 9-4, 11-4, 11-6, 12-6, 12-8, 13-8, 13-11, 15-11, 15-16, 16-16, 16-19, 18-19, 18-20, 20-20 eta 20-22. Sakez eginak: 2 Urrutikoetxeak. Jokoan eginak: 11 Urrutikoetxeak, 10 Ezkurdiak eta 4 Tolosak. Galdutakoak: 5 Urrutikoetxeak, 3 Arangurenek, 6 Ezkurdiak eta 1 Tolosak.

Elezkano eta Zabaleta, jada finalerdietan

Eguneko beste partidan, Peña II.ak eta Albisuk 14-22 irabazi diete Irribarria eta Rezustari Labriten. Emaitza horrekin, ostiral gauean garaipena lortu zuten Elezkano II.a eta Zabaleta finalerdietako ligaxkara sailkatu dira zuzenean eta Irribarria-Rezustak igandean Eibarren gertatzen denaren zain geratu beharko dute. Altuna III.ak eta Martijak irabazten badute, finalerdietarako txartela eskuratuko dute zuzenean. Aldiz, Laso eta Imaz badira Astelenan gailentzen direnak, Irribarria eta Rezustarentzat izango da txartela.

Labriteko partidan, Peñak eta Albisuk hasieratik hartu dituzte alde handiak: 1-7, 4-10 eta 5-12. Irribarria eta Rezusta apurka inguratzen joan dira, une batean oso gertu ipintzeraino: 13-14 eta 14-15. Baina azken txanpan urdinak 0-7ko partzial batekin zuzenean joan dira 14-15etik 14-22ra.

Beste egun batzuetan ez bezala, Jon Ander Peña oso inspiratuta egon da errematean eta 14 tantorekin amaitu du neurketa, 4 bakarrik galduta. Albisuk ere bi pilota bakarrik galdu ditu, eta horrela jokatzen dutenean bikote beldurgarria osatzen dute iazko finalistek.

Pilotakadak: 347. Markagailua: 0-4, 1-4, 1-7, 2-7, 2-8, 4-8, 4-10, 5-10, 5-12, 7-12, 7-13, 9-13, 9-14, 13-14, 13-15, 14-15 eta 14-22. Sakez eginak: 1 Irribarriak eta 2 Peña II.ak. Sakez faltak: 1 Irribarriak eta 1 Peña II.ak. Jokoan eginak: 7 Irribarriak, 1 Rezustak eta 12 Peña II.ak. Galdutakoak: 4 Irribarriak, 4 Rezustak, 4 Peña II.ak eta 2 Albisuk. Gertaerak: Iruñeko Labrit pilotalekua.